"Beti ere garrantzitsua da daukazunarekin gustura egotea"
Sito Alonso, Lagun Aro GBCko entrenatzailea
Pablo Lasoren tokia hartu du Sito Alonso gazteak abuztuan hasita; taldean ia goitik beherako aldaketa egin du, ACB Endesa ligan lehiakorragoak izateko asmoarekin.
Gustuko taldea osatzeko gai izan da Sito Alonso (Madril, 1975). Bera izango da datozen bi denboraldietan Lagun Aro GBCko entrenatzailea, eta lanerako prest etorri dela argi utzi du behin baino gehiagotan. Obradoiro izango dute Ligako lehen aurkaria igande honetan bertan, etxean, 12:30ean. Denboraldi-aurreko lana erakutsi beharko dute zaleen aurrean.
Dagoeneko Donostian egonkortzea lortu duzu? Hiria ezagutzeko aukera izan duzu?
Bai, dagoeneko izan dut denbora. Egia da denboraldi-aurreak denbora tarte txikiak uzten dituela, baina ni abuztuaren 8an iritsi nintzen, oraindik jokalariak ez zeudenean. Beraz, 24a bitartean 16 egun izan nituen hiria ezagutzeko, bertakoek gomendatutako tokiak bisitatuz. Hala ere, denbora gehiago izatea espero dut Donostia eta bere inguruak ezagutzeko.
Entrenatzaile bakoitzak bere ideiak izaten ditu eta zu ere zure ideiekin etorri zinen Donostiara. Nahi zenuena lortu duzula uste duzu?
Momentuz bai, baina saskibaloian emaitzek agintzen dute. Nire ideien gainean lanean ari dira jokalariak, lehen egunetatik esfortzu handia egin dute, eta horrela jarraitu behar dugu. Ligako lehen partidetan gertatzen dena gertatzen dela gure bidea hartu behar dugu. Jokalari batzuk iritsi berriak dira eta ezin dugu gure prestaketa geratu. Pistan islatua ikustean esango dut nahi nuena lortu dudan edo ez.
Edonola ere, egindako fitxaketekin eta osatutako taldearekin gustura geratu zara?
Nire ustez, beti ere garrantzitsua da daukazunarekin gustura egotea. Lortu zenezakeenaz hitz egitea edota hemen ez dauden fitxaketetaz aritzea ez da ona. Azken finean, daukagun lehengaia orain gurekin dagoena da. Ni oso pozik nago beraiekin, ez beraien kalitateagatik edo ezaugarri teknikoengatik, eguneroko lanean egiten ari diren esfortzuagatik eta inplikatzeagatik.
Ausartuko zinateke GBC zertarako gai izango den esatera, edo oraindik hitz egiteko goizegi da?
Bueno, hobetzeko gai izango dela uste dut. Gure maila momentuz ez da lortu nahi duguna. Oinarri sendo bat izan behar dugu defentsan eta erasoan. Nik uste dut nahi duguna lortzeko gai izango garela, baina badakigu Liga honek sekulako zailtasuna duela.
Kopan sartzea lortuko du GBCk azkenean?
Edozein entrenatzaileri ez zaiola gustatzen hortaz hitz egitea. Inor ez da gogoratzen Kopara iristean lortu duzun edo ez, edo denboraldi ona edo txarra egin duzun. Taldeak bere maila benetan eman duen izaten da gogoan, eta gure burua engainatzea ez da ona. Gure maila besteenarekiko alderatuko dugu, puntako lauzpabost talde kenduta, gainontzekoak oso parekatuak ibiliko baikara. Erabaki txikiak edota lesioak erabakiorrak izango dira denboraldian, bai gora edo behera egiteko.
Taldea guztiz batua ikusten duzu?
Ez, oraindik ez, Adeleke eta Betts iritsi berriak dira eta beraiek kantxan ez daudenean, gainontzekoak pixka bat batuagoak daudela nabaritzen da. Egia da ere, egunek aurrera egin ahala, berriak ere batuagoak daudela taldearekin.
Mikel Motos eta Julen Olaizola donostiar jokalari gazteek zuekin egin dute denboraldi-aurrea. Zer moduz ikusi dituzu?
Oso ongi. Gurekin entrenatzen jarraitzen dute oraindik ere, baina asteartetan bietako bat Azpeitiara joaten da Iraurgirekin entrenatzera. Unibertsitatera joan aurretik, gurekin entrenatzen dute goizetan. ACBko taldearekin dinakiman jarraituko dute, Iraurgirekin dituzten entrenamenduekin konbinatzen duten bitartean. Gipuzkoako bi mutil gaztek goi mailako jokalariekin entrenatzeko aukera polita da, eta aprobetxatu beharra dute.
Gazteengatik apustu egiten duzunetakoa zara. Beraiek oso bide zaila izango dutela uste duzu?
Ez, beraien eskuetan dago. Gazteengatik apostu egin izan dudanetan, gazteek atean kolpe indartsu bat eman didatelako izan da, eta ezin nuelako atea itxi. Beraz, beraiek ateari emango dioten kolpearen indarraren araberakoa izango da aukera. Bost egunetik batean jotzen badute, ez dute nahikoa izango, baina bost egunetik lautan jotzen badute, ia irekiko dute.
Zein izango da taldearen gune indartsuena?
Espiritua izatea espero dut. Askotan espiritu ona izateak ez dauzkazun gauza askori aurre egiteko balio izaten du. Beraiek kantxan zerbait desberdina egin nahi dutela erakustea nahi dut, eta lortzea. Horrela zaleak beraiekin izatea lortuko dute.
Zeintzuk izango dira Ligako faboritoak? betikoak?
Real Madril, Bartzelona, Valentzia, Unicaja, Caja Laboral Baskonia eta Cajasol berak ere oso talde onak dituzte. Hortik aurrera, badaude talde indartsu gehiago ere, Cai Zaragoza, Murtzia igo berria… oso zaila da esatea, baina hauek dira hasierako begiratu batean gehien gustatzen zaizkidanak. Gero, gure mailarik gorenena ematen saiatuko garen taldeak gaude.
Zein izango da Sito Alonsok GBCri egingo dion ekarpenik handiena?
Lana eta ilusioa izatea espero dut. Kontu teknikoak ikusiko ditugu, kantxan islatuak agertzen badira. Klubarekin maila guztietan kolaboratzea gogoko dudan pertsona bat naiz, eta guztiei ikusten diet begietan duten ilusioa. Helarazten didaten horrek niri asko laguntzen dit. Eta motibazio hori zabaltzen saiatuko naiz.
Egunean ordu asko eskaintzen dizkiozu saskibaloiari, ezta?
Hori gure lana da, entrenatzaileek beti egiten dugu lan asko. Taldea zaindu egin behar da eta egiten duzun lana beraiengatik dela erakutsi behar diezu.
Zer iritzi duzu Illunbeko kantxaren inguruan?
Kantxaren tamaina gu ikustera datorren jendearen araberakoa izango da. Aurkari bezala etorri izan naizenetan, egia da estuasun gutxi nabaritu dudala. Eta hori ez doa kantxaren tamainaren arabera, aldatu daiteke. Gure erasoko lanarekin eta irabazteko gogoarekin, zaleak gehiago animatzera bultzatu behar ditugu.
Zaleei deia egiteko eskatuko dizut.
Zaleak gurekin oso zorrotzak izatea nahi dut, baina behin partida bukatuta. Beraz, partidan animatzeari ez uzteko eskatuko nieke, jokalariek izugarri nabaritzen baitute.
Donostiako beste talde handietako bat Reala da. Jarraitzen duzu futbola?
Jarraitzen dut Reala eta igandean derbia ikusten egon nintzen, hirian gertatzen diren gauzetan parte hartzea gustuko dudalako. Reala talde historikoa da eta azken urteetan jarraitu dut, bai Bigarren Mailan, bai Lehen Mailan ere. Entrenatzailea lan ona egiten ari dela uste dut. Pare bat aldiz hitz egin dut berarekin eta erabili nahi duen filosofia oso argi dauakala erakutsi dit. Kontrakoa entzun dudan arren, nire ustez taldeak bigarren zatian esfortzu handia egin zuen, eta ziur nago denboraldi ona osatuko dutela.