Negutegiko uzta
Kutxa Ekogunearen eta Goienetxe Fundazioaren babesean jaiotako Pausoak ekimenak berotegia inauguratu du Oriamendi inguruko Zabalegi baserriaren lurretan.
Pozik daude Pausoak egitasmoaren parte hartzaileak; izan ere, beraien lanaren emaitza erakutsi ahal izan baitute, Zabalegiko negutegi berria inauguratzean. Bertan, gutxi gora behera 40 pertsonak lan egiten dute integrazioa lanaren bidez errazagoa dela erakutsiz.
Apirilaren inguruan ekin zioten Kutxa Ekogunearen gizartekintzaren alorreko Zabalegi baserriaren lurretan 1.000 metro koadroko azalera duen negutegia eraikitzeari. Uztailerako, berriz, martxan zegoen, eta azkeneko asteetan hasi da bere fruitu fisikoa bete-betean ematen. Izaskun Osak azaldu duenez, era ekologikoan lantzen den azpiegituraren benetako balioa adimen urritasuna duten 40 pertsonei ematen dien laguntza da.
Pausoak egitasmoak Oriamendi inguruko Zabalegi baserrian badu beste baratza bat. Negutegiak, berriz, «urte osorako aktibitatea bermatzen du, eguraldiari aurre eginez».
Sailkatzea eta prestatzea
Guillermo Lausin bertan lan egiten duen gaztea da, eta berak egin zien harrera komunikabideei, eta Pausoaken bultzatzaile diren Kutxa Ekogunearen zein Goienetxeko arduradunei. Berak ere azaldu zuen zein ekarpen egiten dion proiektu honetan parte hartzeak «Ni oso gustura nago hemen; asko gustatzen zait nire lankide guztiekin, gizon eta emakumeekin, lan egitea».
Hain zuzen ere, Goienetxe Fundazioko lehendakari Juan Riverak argitu zuenez, 40 erabiltzaileen artean inkesta egin zuten, eta hauek proiektutik nahiago dutena begirale zein lankideekiko tratua da.
Elkarlana da, hain zuzen, negutegi berriak areagotu duen gauzetako bat. Izan ere, atzo aurkeztutako azpiegiturak Pausoaken produkzioa ere handitu baitu; nahiz eta ez duten publikoki merkaturatzen. Orain arteko produkzioa programaren parte hartzaileek beraien etxeetara eramaten zuten; orain, berriz, Goienetxe Fundazioarekin zerikusia duten pertsonen artean banatzen dituzte; baita Gureak-ek kudeatzen dituen hainbat sukaldetan ere. Osak azaldu duenez, horretan ere lan asko dago; «sailkatze eta prestatze lanak oso onak dira guretzat».
Negutegiak, beraz, Lausin bezalako erabiltzaileentzat lan gehiago ekarriko du; baina, horrek eragin dezakeen nekea baino haratago, bertan landatu ahal izango dute gizarteratzeko hazia.