Euskal Japonia, Egian
‘Euskyo-e-ak’ izeneko erakusketak egiatarren gustuarekin bat egin du; hori dela eta, erakustaldi denbora urriaren 21a arte luzatu dute.
Ikusleen interesa dela-eta, Egia kultur etxearen arduradunek Raul Santesteban artistaren Euskyo-e-ak erakusketa urriaren 21a arte luzatzea erabaki dute. Litografia bilduma honek Japoniako eta Euskal Herriko estetika zein gaiak biltzen ditu umorez eta kolorez.
Ukyo-e-a egurraren gainean egindako Japoniako marrazki mota da. Santestebanek berau elkartu du bere inguruko erreferenteekin. Bertako gaiak nahastean itsatsi dio artistak eusk- aurrizkia; horra Euskyo-e-en sorrera!
Sanferminetako entzierroak, kimonoz jantzitako pilotariak, eta geisha harri-jasotzaileak dira, besteak beste, kultur etxeko hirugarren solairuan ikus daitezkeen grabatuen gai batzuk. Hain zuzen ere, uztartze horretarako arrazoiaz galdetuta, Santestebanek erantzuna prest dauka. «Nire bestelako grabatuek ez dute batasun bat, eta gai baten bila hasi nintzen». Arazoaren konponbidea bilatzeko ideia zaparradaren barruan, elkartze hori bururatu zitzaion, «eta sorta hau egin nuen urte eta piko horretan eman ondoren».
Hala ere, artistak ñabardura egin du. «Han ere aizkolariak bezalakoak daude; beraz, ezberdina bai; baina, komuneko gauzak aurki daitezke». Azken buruan, hasieran, horren ezberdinak eman dezaketen munduen artean zubia aurkitu du Santestebanek. «Txikiteroen kimonoak koloreztatzeko hemengo alkandora koadrodunak etorri zaizkit burura; eta ondo zetozen bat!».
Baina, elkartzea ez ezik, kontrastea ere bilatu du Santestebanek; «Geisha harri-jasotzaileak egitean, geishen fintasuna eta kirol horren gogortasuna nituen gogoan, alde handiko ideiak». Nahasketa horri umore pixka bat gehituta, Lizarrako artistak arrakastarako errezeta aurkitu du, edo gutxienez egiatarren gustua. Izan ere, kultur etxean izandako denboran komentario ugari izan direla adierazi dute bertako arduradunek; «horrexegatik luzatu dugu».


