La Zurriola eta Mons elkarteetako hiru talde, Espainiako Arrantza Txapelketan
Arrain handienak harrapatzen saiatuko dira, beste 22 seikoteren aurka, Zarauzko hondartzan
Hondartzan jokatzen dituzten txapelketak izaten dira arrantza munduko garrantzitsuenak. Goi mailako lehiak izaten dira, eta orokorrean bi eguneko iraupena izaten dute. Asteburu honetan bertan, Espainiako Arrantza Txapelketaren txanda izango da. Zarauzko hondartza izango da eszenatokia eta partaideak, berriz, hainbat txokotako 25 talde izango dira. Tartean, Donostiako ordezkariak ere ez dira faltako, bi elkartek parte hartuko baitute: Groseko La Zurriola eta Intxaurrondoko Mons.
Txapelketarako zuzenean sailkatutako talde donostiar bakarra, La Zurriola Barcelo taldea da. Izan ere, talde horrek Euskadiko Txapelketa irabazi zuen martxoan; eta horrek zuzenean Espainiako lehiarako txartela ziurtatu zion. Euskadiko Txapelketako bigarren postua, La Zurriola A taldeak lortu zuen. Talde horrek ere asteburuko lehian parte hartuko du, baita Mons Kirol Elkarteko talde batek ere, baina izen ematea euren kabuz ordaindu behar izan dute; ez bait zeuden zuzenean sailkatuak.
Talde bakoitza sei kidek osatuko dute; bost arrantzale eta delegatu bat. La Zurriola Barceloko kideak honakoak dira: Fernando Agirrebengoa, Pedro Azpeitia, Mikel Galdona, Unai Gomez, Iñaki Ramos eta Kiko Ramos (delegatua). Irutxuloko Hitzak Iñaki Ramosekin (Lasarte, 1986) hitz egin du, asteburuko helburuen inguruan. Espainiako Txapelketan parte hartzeaa bakarrik, saria da Zurriolako kideentzat; Euskadiko txapeldun titulua ustekabean iritsi zitzaielako. «Ea zer gertatzen den; gure helburua ongi pasatzea eta ikastea da. Irabaztea oso zaila izango da, Euskadiko Txapelketan baino maila handiagoa egongo baita», azaldu du Ramosek. Hori kontuan izanik, argi utzi du ez daudela goiko postuei begira. «Euskadikoan egin genuen bezala, ez dugu helburu zailik jarriko, okerrago baita gora begiratu eta gero ezer ere ez lortzea».
Donostiarrek, ordea, euren alde izan dezaketena, Zarauzko hondartzarekiko gertutasuna da. «Teorian guretzako hondartza ezaguna izan beharko litzateke, baina gutxitan joaten gara horra arrantza egitera; eta Kontxara oraindik ere gutxiago». Ramos gehien kezkatzen duena, ordea, itsasoaren egoera da. «Egunen batean izan gara Zarauzko hondartzan entrenatzen, baina txapelketaren egunetarako itsasoa asko aldatuko dela esan dute. Bi metroko edo gehiagoko olatuekin zaila izango da zerbait arrantzatzea lortzea». Edonola, ez du esperantza galtzen, eta ustekabea bigarren aldiz ere eman dezaketela uste du. «Zaila edukiko dugu, baina ahal duguna egiten saiatuko gara».
Ohiko lehiaketetan ez bezala, hondartzetako txapelketa garrantzitsuetan, arrainak bizirik mantentzen dituzte. «Espezie bakoitzak gutxieneko tamaina bat dauka, eta arrantzatutakoa tamaina horretan sartzen bada, pisatu egiten du epaileak; bestela, uretara itzuli behar izaten dugu», azaldu du Ramosek. Hala, espezie batzuen gutxieneko tamainak zeintzuk diren azaldu du Ramosek: Lupia (36 zm), Erla (15 zm) eta Muxarra (23 zm), besteak beste.
Gaur eta bihar
Zehazki, gaur eta bihar artean jokatuko duten txapelketa, bi zatitan banatua egongo da. Gaur lau orduz ariko dira arrantzan, 19:00etatik 23:00etara, eta bihar, berriz, 16:30etik 20:30era. «Batean egunez arituko gara, eta bestean, gauzez. Iluntzea izaten da arrantza egiteko momentu onena».
Itsasoaren eta hondartzaren egoera kontuan izanda, honako arrainak arrantzatzea espero du Ramosek: Lupia, Muxarra eta Burriota. Finean, egindakoarekin pozik geratzeko, argi dauka zer egin behar duten. «Bakoitzak puntuatzea da garrantzitsuena, eta podiumean sartzen bagara, oraindik hobeto».

