Kantu jira egin zuten Zubietako euskal jaian. (Argazkia: Mikel Goñi).
Zubietako Alamandegi tabernara sartu, eta bertan topatu zuen ezagunari galdetu zion Joxek, «baina, zer dago hor kanpoan?». Txorizo muturra jaten ari den lagunak eman zion atzo herria girotu zuen ekitaldiaren berri: «Euskal jaia, gizona, euskal jaia!».
Hain zuzen ere, urriaren erdialdeko jai eguna aprobetxatzen du Zubieta Lantzen elkarteak bertako euskal jaia ospatzeko. Hori dela-eta, bidegorrian barrena bertaraino atzo iritsi ziren askok ezustekoa hartu zuten plazaren inguruan zegoen giroa ikusita.
Ohi baino txapela eta gona luze gehiago zeuden atzo plazaren inguruan, Zubieta Lantzenek prestaturiko egitarauari ahalik eta etekin handiena ateratzeko gogoz. Hamaiketakoa prest izan bitartean, zubietar asko gerturatu ziren elizaren arkupera, argazki zaharren erakusketa ikustera. Zubieta Lantzeneko Garazik azaldu zuenez, «lan handia hartu dugu Kutxaren Fototekan hemengo argazkiak eskuratzeko».
Hamaiketakoa bukatzear zegoela hasi ziren kantari herriko plazan kantu jirara bildu zirenak; bertan ere, txapela eta gona luzeak ugariak ziren.
Bazkal ordurako bisitari gehienek alde egin zuten arren, zubietarrek elkarrekin bazkaldu zuten, arratsaldean Goizaldik eman beharreko dantza erakustaldiaren zain. Izan ere, atzo euskal jaia zen Zubietan.