Gizarte bidezkoagoa aldarrikatuko du Pobrezia Zerok
Plataformak gaitza gainditzeko bide alternatiboen berri emango du datozen egunetako ekimenetan.
Aberastasunaren aurka jo, orain! lelopean Donostiako Zero Pobrezia Plataformak denontzako gizarte justuagoa aldarrikatzera deitu ditu herritarrak, datozen egunetan egingo dituen ekintzetan parte hartzera gonbidatuz. 2005etik egin duten moduan, astelehenean ospatuko den Pobreziaren eta Bazterkeria Sozialaren Aurkako Borrokaren Egunaren harira, pobrezia desagerrarazteko neurri eraginkorren beharraz ohartaraziko dituzte herritarrak.
Kanpainaren berri eman duten Gema Lledok eta Iñigo Odriozolak egungo krisiaren ardura sistema kapitalistari egotzi diote, “pobrezia eta bazterkeria adierazpenak ugaritu baino ez baitu egin”. Horren aurrean, politikariek mugagabeko hazkunde ekonomikoa sustatzea gaitzetsi dute. Plataformako kideen hitzetan, honek denontzako ongizatea eta bizimodu duina ez bermatzeaz gain, zorigaitza baino ez baitakar. “Herritarrak gurpil zoro batean sartzen ditu, lan gehiago egin behar dute diru gehiago gastatu eta zoriontsuago izateko”.
Neurrigabeko diru xahutzea salatu eta aldaketaren alde egiteko gizarte mugimenduetan parte hartu eta mobilizatzeaz gain, herritarrek egunerokoan gauza ditzaketen alternatibak ere badira. “Hala nola, banka etikoa, kontsumo kontziente eta arduratsua, edo deshazkundea”, zerrendatu ditu Odriozolak.
Aukeren berri eman eta egoeraren inguruko hausnarketa sustatzeko hainbat hitzaldi egongo dituzte datozen egunetan San Telmo Museoan. Lehena, Jose Mari Madinak emango du gaur, elikagaien krisiari buruz. Bihar, berriz,gizarte bazterkeria bizi dutenen egoera azaleratzeko herritar guztiei zabalik dagoen bazkari herrikoia egingo dute Trinitate plazan. Arratsaldean berriz, M-15 mugimenduak deitutako manifestazioarekin bat egingo dute, Lledok zehaztu duenez, gauza bera ez badira ere, “berdintasun handiagoa eta justizia soziala erdiesteko helburuetan” bat egiten dutelako. Etzi, aldiz, laugarren urtez pobreziaren aurkako bizikleta martxa izango da.
Gipuzkoako 26 elkartek osatutako plataformak pobreziaren aurkako borrokatzeaz gain, Nazio Batuek 2000 urtean hartutako garapena helburu duten konpromisoak betetzeko lan egiten du.
JARDUERAK
- Urriak 14, gaur. Jose Maria Madinaren Crisis alimentaria: ¿Insostenibilidad del modelo? hitzaldia. San Telmo Museoa, 19:00etan.
- Urriak 15, bihar . Kalejira eta batukada Parte Zaharrean, 12:00etan. Pobrezia eta gizarte bazterkeriaren aurkako bazkari herrikoia, Trinitate plazan, 13:30ean. U-15 Aldaketa globalaren alde elkartuta lelopean manifestazioa, 18:00etan.
- Urriak 16, etzi. Bizikleta martxa, Haizearen Orrazia-Sagues-Bulebarra, 12:00etan.
- Urriak 17, astelehena. Gran superficie dokumentalaren emanaldia eta egileekin solasaldia. Arrasate kaleko Kutxa aretoa, 19:00etan.
- Urriak 18, asteartea. Amnesty Internationalek antolatuta, Koldo Casla ekintzailearen Pobreza y derechos sociales en el marco de la crisis actual hitzaldia. San Telmo Museoa, 19:00etan.
- Urriak 19, asteazkena. Yayo Herreroren Recuperando los espacios de vida. Ecofeminismo y decrecimiento en el dia a dia hitzaldia. San Telmo Museoa, 19:00etan.