Udal Gobernuak ez dio Loiolako Erriberako aukerari ihes egiten utzi nahi
Atotxa, Loiolako Erribera; Loiolako Erribera, Atotxa. Autobus geltokia non eraikiko duten erabakitzeko eztabaida berriz ere mahai gainean da. Udal Gobernuak, behinik behin, «azken ahalegin pedagogikoa» egiteko deia egin du, bi proposamenak balantzan jarrita, Loiolako Erriberako aukera aproposagoa dela uste baitu Bilduk.
Egungo Gipuzkoako Foru Aldundiak Udal Gobernuaren proposamenarekin bat egin du. Egitasmoak aurrera egiteko babes nahikoa izan dezan, ordea, oposizioko alderdiak dira iritziz aldatu beharko dutenak.
Asteotan erantzun beharko dute udal taldeek azpiegitura Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberan duen lursailean altxatzeko prest dauden ala ez. Udal Gobernuak argi du: «Loiolako Erribera da alternatibarik merkeena, eraginkorrena eta intermodalitatea bermatzen duena».