Udal talde guztiek bat egin dute El Sol jaialdia hirian geratzearen alde
Uxotegi gaztetxeko auzia argitzeko ikerketa batzordea eratzeko eskatu diote bozeramaileek alkateari.
Udal taldeak adostasuna heltzeko gai dira eta hala erakutsi dute, El Sol publizitate jaialdia hirian antolatzen jarrai dezaten eskatzeko, kaleratu duten erakunde adierazpen bateratuan. Aho batez hitzartu dute udal taldeek jaialdiak hiriaren irudian eta ekonomian duen eragin handiari eutsi behar zaiola. El Solek diru eta izen on iturri izaten jarrai dezan, Udal Gobernuak hautagaitzarik erakargarriena osatzeko lanean jarraituko duela aitortu dute. Aitzitik, elkartasun txikiagoa dago udal bozeramaileen artean Uxotegi gaztetxearen auzian. Oposizioak benetan zer gertatu den jakiteko aukerarik ez dutela salatu du. Hiru alderdiek udaltzainek egindako txostenak aztertu ahal izateko eskaera egin dutela baina orain arte horietara heltzeko aukerarik izan ez dutela adierazi dute. Udal bozeramaileek, bada, zer gertatu den argitzeko, ikerketa batzordea osatzeko eskatu diote alkateari. “Gardentasunez” ari direla erakusteko bidea dela dio EAJko Eneko Goiak. PPko Ramon Gomezek, berriz, gaiari serio heltzeko modua dela dio, “alkateak txantxetan hartzen baitu”.