Parte Zaharreko Ezker Abertzaleak ongi etorria eman dio Uxotegi gaztetxeari
Parte Zaharreko Ezker Abertzaleak prentsa oharra zabaldu du Uxotegi gaztetxearen aferaren inguruan. “Irailaren 24ean, auzoko hainbat gaztek urteak hutsik zeramatzan etxea okupatu zuten; eta azken bi asteetan, etxearen egoera okerrari ikaragarrizko buelta eman diote, egin duten lanaren bitartez”, dio oharrak. Hori kontuan izanda, aspaldian Parte Zaharreko Ezker Abertzaleak aldarrikatutako beharrari irtenbidea eman diotela aipatu dute. “Urte askoan aldarrikatu dugu auzoko gazteek gune autogestionatu baten beharra zutela, euren irudimena, sormena eta gogoen bitartez hainbat ekimen burutu ahal izateko”.
Ezker Abertzalearen ustez, orain arteko udal gobernuek ezer gutxi egin dute hutsune hori betetzeko. “Auzoan ondo gogoratzen ditugu 2004ko irailean Odon Elorza orduko alkatearen aginduz, udaltzaingoak Zuloagako eskolan egindakoa; gazteak jipoitu eta inongo gunerik eskeini ez. Eta badirudi, ,zinegotzi batzuk berdina errepikatzeko gogoa dutela”.
Hala, udal gobernuari dei egiten diote, auzoko gazteek behar duten gune autogestionatu baten beharrari egoki erantzuteko. “Hainbeste kritikatzen duen Eneko Goia EAJko bozeramaileari, gogoratu nahi diogu, horrelako okupazio bat babestu ez arren, 2004-2005 urte inguruan, Donostiako EGIko gazteak ezker abertzaleko gazteoi trasladatu zietena: Parte Zaharrean gaztetxe baten beharra ikusten zutela”.
Azkenik,etorria eman nahi izan diote Uxotegi gaztetxeari. “Bizia ematen diozuen gazteei gure mirespena azaltzeaz gain, gure babes osoa eskeini nahi dizuegu. Eskerrik asko auzoari bizitza emateagatik, ez etsi eta aurrera beti!”.
