Bordazar baserriko Iñigo Zapirainek sagarrak banatu ditu. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Altzako Bordazar baserriak hiriko hiru esne makina hornitzen ditu. Amara Berrikoak urtebete martxan daramala ospatzeko, erosleei oparitxoa egin diete.
Urtebete da Irun plazako biribilgunearen albo batean esne makina dagoenetik. Altzako Bordazar baserriko behiek hornitzen dituzten hiru makinetako bat da, eta iazko irail amaieran martxan jarri zuten. Lehen egun hartan, esne botila beteta eraman zuten hala nahi izan zuten guztiek, eta ordutik, errepikatzeko joera hartu dutenak ez dira gutxi. Urteurrena azken hauekin, bezeroekin, ospatzeko asmoz, oparia egitea erabaki zuten Bordazarrekoek. Gaur baserriko esnea erosi dutenek, dozena bat sagar ere eraman baitute etxera.
Aurreko egunetan astelehenean oparia izango zela zioen kartela jarri zuten makinaren aurrealdean. Bertan zehaztutako ordutegian, mahai gainean sagarrez beteriko saskia zuela, poltsetan hauetako mordoxka jartzen aritu da Iñaki Zapirain goizean. “Hauek emandako errege sagarrak dira”, argitu du altzatarrak, makinaren hormak apaintzen dituen argazkian ikus daitezkeen zuhaitzak behatzarekin erakutsiz.
Pozik egoteko arrazoirik badute, harrera eta salmenta ona baitira. “Hasieran jendeak probatu egin nahi zuenez, asko saltzen zen. Gerora egonkortu egin da, eta gustura gaude”. Erosleak ere hala daudela uste du, “esnea oso goxoa dela esaten digute”. Ez da gutxi. Izan ere, Zapirainek berak onartzen duenez, sistema honek izan baditu bere eragozpenak. “Botilarekin etorri behar dute, erosketa egiterakoan-edo hartzea gogoratu behar dute, ondo garbitu behar da…”. Horregatik, ahalegina egiten dutenak saritzea erabaki zuten.
“Zenbatera?”
Goiz eta arratsaldez egoteko asmoa du altzatarrak, eta lehen orduetan mugimendua nabaritu du. Sagarrek oinezko ugari erakarri dituzte. Zenbatera saltzen dituen galdetu diotenei, esnea erosten zutenentzako oparia dela azaldu behar izan die Zapirainek; eta baten batek, esnea haiek lortzeko erosi du. “Errege sagarrak hiru bat eurotan saltzen dira. Gizon batek berehala egin ditu kalkuluak, eta esnea erosita 1,5 eurotan eraman zitzakeela ikusita, esnea erostea nahiago izan du”, gogoratu du altzatarrak. Beste batzuek, presaka, etxera botilaren bila joatea erabaki dute. Hala ere, gehienek ezustean jaso dute oparitxoa; Maria Isabel Hermosilla eta bere senarra, adibide. Ustekabea izan arren, pozarren onartu dute. “Ez nekien, baina opari guztiak ongietorriak dira”, aitortu du Hermosillak. Horrekin batera, gainera, ondo ixten ez duten tapoiak ordezkatzeko beste pare bat jaso dituzte. Hermosillaren hitzetan, “esnea ezin hobea da. Besteak kalte egiten dit; honek, aldiz, ez”; hori dela-eta, ohiko erosle bilakatu dira. Erosle onak gainera, litroko lau botila bete baitzituzte makinan. Izan ere, bikotea Bidebietan bizi baita, eta, makina etxetik nahiko urruti duenez, bidaia aprobetxatzen dute. “Ez gara honetarako etortzen”, zehaztu du senarrak emazteak esandakoa; “alaba Amaran bizi da eta etortzen garenean erosten dugu esnea”. Gaurkoa etxetik gertuago beste makina bat jar dezaten eskatzeko ere baliatu dute. Bikotearen zorionerako, urte amaiera baino lehen auzotik hurbil bat izan dezaketela jakin dute.