Euren jarduna bermatuko duen araudi argia nahi dute kalamu elkarteek
Norbearen kontsumorako kalamua landatzen duten elkarteetako kideek beren jarduna aurrera eramateko dituzten arazoak mahai gainean jarriko dituzte etzi Euskal Herriko Unibertsitateko Carlos Santamaria liburutegian. Araudi argia «behar beharrezkoa» dutela ohartarazi du Martin Barriuso Kalamu Elkarteen Federazioko kideak, «bestela, mafiosoek irentsi egingo gaituzte».
Asteazken goizean, Arartekoak antolatuta, poliziak, epaileak, Eusko Jaurlaritzako arduradunak eta gaiarekin lotura duten beste hainbat eragile elkartuko dira, ateak itxita egingo duten mahai inguruan. Arratsaldean, berriz, nahi duenarentzat irekitako hitzaldiak antolatuko dituzte.
Barriusok jakinarazi duenez, bermeak behar dituzte kalamua lasaitasunez landatu ahal izateko, eta horretarako araudi argia osatzea premiazko dute. Izan ere, kontsumo pertsonala Frankismotik zigorgabetuta dago baina zigor kodeak bestelako argibiderik ez duela ematen zehaztu du Barriusok. Hala nola, kontsumo pertsonalari dagokion kantitatea finkatu gabe dagoela eta isunak eta bestelako arazoak izaten dituztela azaldu du.
Segurtasun gabezi horrek,era berean, marihunaren atzetik lapurren lana errazten duela gaineratu du. «Landareak diren etxeetan lapurrak sartzen direnean jabeak ez dira askotan salatzera ausartzen, landareak izateagatik sala ditzaketelako». Kalamu Elkarteen Federazioko kideak, beraz, salatzeko beldurrik izan behar ez dela argitu du, «ezkutatzeko ezer ez daukagulako».
Lapurtutako kalamua, gainera, merkatu beltzera iristeko ateak ixtea beharrezkoa dela aditzera eman du Martin Barriusok, gainera. Merkatu beltza mantendu eta hornitzen duten elkarteak daudela eta horiek desagertarazteko kontrola eskatu dute.