Olatuek liluratutako naturzale eta surflariek bat egin dute Kursaalen
Surfrider Fundazioak antolatutako Global Wave Conference egitasmoaren baitan, itsasoa eta olatuak maite dituzten hamaika surflari eta naturzale elkartu dira Kursaalen.
Egunero, orduro eta minuturo itsas bazterrak astintzen dituzten etengabeko uhinek jende askorengan sortzen duten zirrara frogatzeko bilkura izan da. Hirian bakarrik ez, mundu zabalean ere makina bat dira itsasoaren kulunkarekin txunditurik daudenak. Kresalarekiko menpekotasuna, beraz, handia da. Are handiagoa izan daitekeela uste dute Sustapen Elkarteko arduradunek, ordea.
Sektore horren bueltan eskain daitezkeen zerbitzu eta proiektuak sustatzeko surfari lotutako klusterra eratu zuten maiatzaren 27an. Sustapen Elkartearen eta ekimen pribatuaren bultzadaz, olatuaren negozioak hirian duen indarra gero eta handiagoa da urtetik urtera. Elkarteak bildutako datuen arabera, surf eskola, denda, ostatu berezi, komunikabide, ekimen antolatzaile eta itsasoarekin lotutako bestelako 48 enpresa daude hirian. Sektoreak puntako izaten jarraitzeko, laguntza eta aholkularitza lanetan ari diren elkarte, prestakuntza eta unibertsitate zentro edota teknologia ikerketako guneak, berriz, 17 dira.
Kalifornia
Datu horiek, noski, hutsaren hurrengo dira AEBetako Kaliforniako hondartzek duten eragin ekonomikoarekin. Chad Nelsen Surfrider Foundationeko Ingurumen zuzendariak aditzera eman duenez, Kaliforniako hondartzetatik 17,8 milioi bisitari igarotzen dira urtean. Mugimendu horrek, nola ez, ekonomia suspertzen laguntzen du. Surfak, oro har, Ameriketako Estatu Batuetan bilioi bat dolarreko eragina duela kalkulatu du.
Honenbestez, surflariak orain arte zabaldu den irudiarekin bat ez datozela zehaztu du Nelsenek. «Inozo eta alferrak garen irudia oso hedatua dago, eta askotan, surfak ezertarako balio ez duela esan izan da». Datuek, ordea, guztiz bestelakoa diotela aditzera eman du Surfrider elkarteko kideak.