Haurrek ere kalerik kale ibiltzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute
Hiri eta herrietako edozein bazterretan autoak ikustea arrunt bihurtu den bitartean, gero eta zailagoa da haurrak bakar- bakarrik kalerik kale ikustea. Haurrek ere beren kasa hiri eta herriez gozatzeko aukera dutela aldarrikatu dute Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean bildu diren hezitzaile eta mugikortasun arloan lanean ari diren adituek.
Arrasaten kaleko jolasak antolatzen dituzten begiraleek inoiz baino zailtasun gehiago dituztela diote. Andoainen ere industrialde nagusia erdigunetik kilometro batera dagoela eta herritarrak ordu erdiz oinez joateko hamaika aitzakia bilatzen dituztela salatu dute.
Autoak enpresa guneak oztopatzen dituzten moduan, haurrek ere eskolara heltzeko zailtasun ugari dituzte hainbat ikastetxetan. Hain zuzen, autoa etxean utzi eta umeak eskolara oinez joatera anima daitezen, Eskola Bidea ekimea sustatu dute hainbat hiri eta herrietan.
Donostian urteak daramatzate egitasmo sendo bat osatzeko lanean eta Eskola Bidea proiektuaren ardura duen Isabel Prietok jakinarazi duenez, mintegian interesgarriak diren ideia asko plazaratu dira. «Aurrera egiteko izaten diren zailtasunak eta aurrerapausoak azaldu dira; denon artean proiektua sendotzea da xedea», zehaztu du.
Kaleak eta hiriak haur eta herritarrentzat berreskuratu nahi ditu Marta Roman geografoak. «Umeren bat kalean bakarrik ikustean zokoratuta dagoela eta gurasoek behar bezala ez dutela zaintzen ematen du».
Irudipen horrekin bukatu behar dela dio. Zarautzen, esaterako, umeak kaletik firin-faran ikustea arrunta dela nabarmendu du. Hain zuzen, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako langileek Zarautzen bizikletaren erabilerak duen arrakasta azaldu dute Ingurumen Baliabideen Etxean.
1.100 ikasle dituen ikastolara 500 lagun joaten dira bizikletaz. «Gurasoek matrikula egiten dutenean badakite zortzi urtetik gorako haurrentzat ez dagoela autobus zerbitzurik», jakinarazi dute.
Erdigunetik bi kilometrotara dagoen ikastolako eraikinak 40 urte ditu eta urte horietan guztietan autobus zerbitzurik ez dutela eskaini adierazi dute. Urteotan arazorik ez dutela izan nabarmendu dute, beharrik egon ez delako. Premiarik ez dagoenean, beharrik ez sortzea egokiena izaten dela gaineratu dute.
Ikasleek, era berean, bizikleta autobusa baino erosoagoa dela uste dute. Merkeagoa, mugitzeko askatasun handiagoa ematen diela, autobusa baino azkarrago ibiltzeko aukera dutela eta lagunartean ibiltzeko aukera ematen diela plazaratu dute.
Bizikletak duen harrera onak bultzatuta, herritik bidegorri sarea zabaltzeko asmoa du Zarauzko Udalak.