Liburutegi sareak 21 irakurgailu elektroniko berri ditu
Udal liburutegietako apaletan gero eta leku gehiago dago, papera baino indar handiago hartzen ari direlako irakurgailu elektronikoak. Guztira, 30 liburu zeuden eta beste 21 erosi dituzte. Eskuratutako gailu berri horiek internet eta beste irakurgailu batzuekin konektatzeko aukera eskainiko dute. Horretaz gain, arkatz eta teklatu integratuaren bidez pantailaren ertzetan oharrak idazteko aukera egongo da, baita agenda sortu eta musika entzuteko ere.
Urte eta erdi da udal liburutegi sarean liburu elektronikoen irakurgailuak maileguan eskaintzen hasi zirela eta egunetik egunera harrera hobea dute. Iaz, 515 mailegu egin ziren, eta, aurten, urtea bukatu gabe dagoela, 485 izan dira.
Inkesta
Donostia Kulturak eskaintzen duen zerbitzua «oso interesgarria» dela adierazi dute erabiltzaileek. Mailegua egin duten 347 bazkideri inkesta egin diete eta %95ek zerbitzu interesgarri edo oso interesgarritzat jo dute. %76k zerbitzua berriro erabiliko luketela adierazi dute.
Emaitza horiek aztertu ondoren, liburu elektronikoen kudeaketa eta mailegurako plataformak eskuratzea izango da liburutegi zerbitzuaren datozen urteetako lehentasuna.