Aiert Beobide dantzaria eta Jon Larraz musikaria izango dira lehen Dantzaklub saioan
Dantzaklub programaren XI. eta XII. atalak aurkeztu ditu Dantzaz konpainiak. Ohi bezala, Dantzaklub ekimenak Viktoria Eugenia Antzokiko klub aretoa izango du eszenatoki gisa.
Gaur, XI. atalean hiru koreografia interpretatuko dituzte. Aiert Beobide dantzari donostiarrak ‘Bitartean’ obra aurkeztuko du. Euskadiko Orkestrako kide den Jon Larraz biolontxelo jotzailearekin elkarlanean sortutako pieza da. Beobidek urte asko eman ditu taula gainean dantzan. Lehen urratsak euskal dantza txapelketetan egin zituen. Edu Muruamendiarazekin batera Aukeran dantza taldea sortu zuen eta hainbat ikuskizunetan parte hartu du. Gaur, ordea, bere kabuz koreografia bat aurkezten duen lehen aldia izango da: «Bakarrik dantzatuko naiz, baina ez naiz bakarrik izango eszenatokian. Jon Larrazekin izango naiz».
Bi pertsonen lana, bi arte diziplina, bi puntuen arteko distantzia, bitartean… Txikitatik ezagutzen dute elkar, bakoitzak bere ibilbidea egin du, eta elkarrekin lan egiteko gogotsu zeuden. Bien ibilbideen garapena islatzen duten obra estreinatuko dute: «Aurresku txapelketak, Guridiren euskal musika, klasikoa landu nueneko urteak, dantza garaikidea ondoren… Pixkanaka garaikidetuz joango da dantza, eta biek elkarrekin dantza eta musika eginez esperimentu bat egingo dugu. Hogei minututan txikitatik gaur arte biok egin dugun ibilbidea kontatuko dugu».
Beste bi sorkuntza lanak Dantzaz konpainiako bi kidek egin dituzte. Daniel Navarro katalanak ‘S.20’ aurkeztuko du. Martxoan hasi zen konpainian dantzan, eta honakoa bere lehen dantzalana da. Anna Jirmanova txekiarrak, berriz, Bachen musikan inspiratutako ‘Fuga’ pieza taularatuko du. Bi urte egin ditu Dantzaz konpainian eta hirugarren sorkuntza lana du hau.
Abenduan, Amaia Navascues Dantzaklubaren XII. atala abenduaren 1ean helduko da. Amaia Navascues koreografo eta dantzari donostiarra gonbidatu du Dantzaz konpainiak. Norabidea kolektiboko partaidea da. Miren Zabaleta diseinatzaile grafikoarekin sortutako taldea da. 2007an hasi ziren lanean ‘Puntu Itsua’ obrarekin. Dantzaklubeko gonbidatu izan diren Izaskun Lapaza eta Noemi Viana dantzari donostiarrekin ere kolaboratu dute. Amaitu gabeko obra bat erakutsiko dute: ‘Ivy Sullivan’ izeneko pieza. «Eremu publikoa eta pribatuaren arteko mugak aztertu ditugu; sare sozialak hartu ditugu abiapuntu gisa», azaldu du Navascuesek.
Dantzaz konpainiako dantzariek, berriz, lau pieza aurkeztuko dituzte. Anna Jirmanovak berriz parte hartuko du. Bigarren honetan, Daniel Navarrorekin elkarlanean egindako ‘Seminko’ lana aurkeztuko du.
Dantzaklub.
Gaur, osteguna. ‘Atalak XI’: ‘Bitartean’, Aiert Beobide eta Jon Larraz / ‘S.20’, Daniel Navarro / ‘Fuga’, Anna Jirmanova (Viktoria Eugenia Antzokiaren Klub aretoan, 21:00). Sarrera: 6 euro.
Abenduak 1. Atalak XII: ‘Ivy Sullivan’, Maite Zabaleta eta Amaia Navascues / ‘Sobre el filo’, Marina Scotto / ‘Lien’, Hugo Mercier / ‘En parlant’, Emmanuel Dobby / ‘Seminko’, Anna Jirmanova, Daniel Navarro (Viktoria Eugenia Antzokiaren Klub aretoan, 21:00). Sarrera: 6 euro.