"Gure helburua talde mailako dominaren bat lortzea da"
Jesus Mari Altuna: Kirol arrantzalea
Groseko Mons Elkarteko kidea da Jesus Mari Altuna, eta 2012an Munduko Arrantza Txapelketan parte hartuko du, Holandan.
Hondartzan arrantzatzen du Jesus Mari Altunak (Urnieta, 1981), eszenatoki horretan jokatzen baitituzte arrantza txapelketa garrantzitsuenak. Jubenil mailan lehiatzen zenetik lortutako postu bikainei esker, Goi Mailako lehietan aritzen da. Urrian jokatutako Goi Mailako Espainiako Txapelketan, esaterako, laugarren postua lortu zuen, eta horrek eman dio Munduko Txapelketarako txartela.
Nondik datorkizu arrantzarako zaletasuna?
Txikitatik aitarekin arrantzara joaten nintzen. Pixkanaka afizioa geroz eta gehiago gustatzen hasi zitzaidan, eta bederatzi urte nituela edo, txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.
Noiz egin zinen Mons elkarteko kide?
Aita Galepetarra elkarteko kidea zen, eta beraiekin hasi nintzen txapelketetara aurkezten. Baina duela sei urte inguru, Mons elkartean sartu nintzen, eta bai bakarka bai taldeka aurkezten gara txapelketetara.
Orain arte zer nolako ibilbidea izan duzu?
Haur mailan, elkarteek beraiek antolatzen zituzten txapelketetan parte hartzen nuen. Jubenila nintzela, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan parte hartzera iritsi nintzen, eta senior mailan berdin aritu naiz. 1999an, jubenil mailako Espainiako Txapelketako bigarrena izan nintzen, eta horri esker Goi Mailan lehiatzera igaro nintzen. Espainiako Goi Mailako Txapelketetan lortzen duzun postuaren bidez, Munduko Txapelketarako sailkatzea lor dezakezu.
Dagoeneko orduan parte hartu izan duzu Munduko Txapelketetan?
Bai, bi txandatan. Montenegron 21 urtetik beherako mailan parte hartu nuen; eta duela hiru urte, Brasilen lehiatu nintzen, senior mailan. Datorren urtean Holandara joango naiz, dagoeneko sailkatzea lortu baitut. Normalean, iraila aldera antolatzen dute Munduko Txapelketa, baina oraindik ez dago datorren urteko lehiarako data zehatzik.
Nolakoak izaten dira Munduko Txapelketak?
Txapelketaren kokalekuaren arabera oso desberdina izaten da bai lehia eta bai partaide kopurua. Mediterraneo aldean bada, arrantza era nahiko paretsua da; beraz, emaitza onak lor ditzakegu. Baina Brasilera joan ginenean, adibidez, inork ere ez zekien zerekin topo egingo genuen, zein arrain egongo ziren, eta nola arrantzatu beharko genuen… azkenean, selekzio bezala laugarrenak geratu ginen, eta lan hobea egitea espero genuen. Gutxi gora-behera 50 partaide biltzen ditu txapelketak; eta Espainia, Portugal eta Italia izaten dira puntako postuetan ibiltzen direnak.
Zein da goiko postuetan egoteko gakoa?
Normalean pertsona berdinak egoten dira goiko postuetan. Zortea beharrezkoa izaten da, baina ez da gauza bera kainabera bota eta begira egotea edo aurretik ongi prestatuta joatea.
Espainiako Txapelketan lehen postuetan geratzeari esker lortu zenuen Goi Mailako Txapelketarako txartela, ezta?
Bai. Normalean Mediterraneo aldean izaten dira Goi Mailako txapelketak, eta hasiera batean behintzat, bertakoek abantaila izaten dute. Aurten, behingoagatik etxean izan da txapelketa, Hondarribian, eta horrek ardurapixka bat eman zidan. Laugarren postua lortu nuen azkenean, eta pozik geratu nintzen.
Teknika bereziren bat erabili zenuen?
Txapelketa prestatzerakoan kontuan izaten duzu zein arrain motarekin egin dezakezun topo eta zein izango den zure apustua arrantza mota hori egiteko. Batzutan ongi ateratzen da, eta beste batzuetan ez da esperotakoa lortzen. 40 lehiakide inguru ginen eta lehenengo bostek Munduko Txapelketarako sailkatzea lortu genuen. Hori zen nire helburua.
Holandako Txapelketari begira jarri zara jada?
Lehenengo informazio pixka bat lortu beharko dugu, ea zein arrain izaten diren inguru horretan… Espainiako selekzioa bost lagunek osatuko dugu: Andaluziako bat, Valentziako bat, Kataluniako bat, Murtziako bat eta ni. Bidaiako gastuak Espainiako Arrantza Federazioak ordainduko ditu; eta gure helburua talde mailako dominaren bat lortzea da.
Selekzio kideek elkarrekin entrenatzeko aukera izango duzue?
Munduko Txapelketak normalean lau egun inguru irauten du, entrenamendu ofizial bat gehituta. Eta taldekideak astebete lehenago joaten saiatzen gara, tokia ezagutzeko.
Zaila izaten da hondartzan entrenatzeko ordu eta toki egokia bilatzea?
Gau aldera joaten gara, arrantzarako hobea baita. Egunez, neguan oraindik ere, surfistekin topo egin dezakezu eta ezin zaitezken arrantzan hasi. Udaran, berriz, ezinezkoa da egunez aritzea. Inguruan arrantzarako hondartza gutxi ditugu, eta askotan Frantzia aldera jotzen dugu entrenatzera.