"Oraindik goiz da nola ibiliko garen jakiteko, hobetzeko tartea baitugu"
Easo saskibaloi klubeko gizonezkoen talde gorena, EBA mailako esperientzia bizitzen ari da, oso jokalari gazteekin
«EBA Ligako talderik gazteena dugu, alde handiarekin, gainera», dio Easo Pastas Arruabarrenako entrenatzailea den Gotzon Arrietak (Gros, 1957). Iaz lortu zuen Easo Pastas Arruabarrena gizonezkoen taldeak maila igoera. Lehen Mailako txapeldunak izan zirelako, eta are zailagoa egin zitzaiena, EBA mailan lehiatzeko beharrezkoak diren 25.000 euroak batu zituelako klubak. Liga hasi berria da eta Easok momentuz jokatutako bi partidetatik Zornotzaren aurka 54-71 irabazi zuen, eta Aloña Mendiren aurka 64-80 galdu zuen. «Zalantzak genituen ea taldeak nola erantzungo zuen, oso jokalari gazteak direlako. Baina Zornotzan oso ongi aritu ginen; eta Oñatikoek oso talde aditua zutela nabaritu arren, ongi erantzun genien eta pozik nago».
Gainera, badu meritua Easok dagoeneko partida bat irabazita. Izan ere, iazko taldetik lau baja garrantzitsu jaso ditu taldeak. Mikel Motosek eta Dario Brizuelak, esaterako, jauzia eman dute, eta lehenak Azpeitiako Iraurgirekin jokatzen du; besteak, Estudiantesekin. Bestetik, Xabier Zubimendik eta David Rodriguezek lan kontuengatik utzi behar izan dute taldea. «Titular bezala joka zezaketen lau jokalari galdu ditugu; beraz, iaz Junior mailan zeuden jokalariak igotzen ari gara», argitu du Arrietak. Entrenatzaileak argi du gainera, taldeak «ilusioa» transmititzen duela. «Badakite maila honek gehiago eskatzen duela, eta batzuetan kosta egiten zaie aldaketari aurre egitea, baina kalitate handia dute, bestela ez ginateke hemen egongo».
Denboraldia nola joango zaien jakiteko, ordea, goizegi iruditzen zaio Arrietari. Izan ere, bere esanetan, talde batzuetan kobratzen duten jokalari profesionalak dauden bitartean, Easokoak etxeko jokalariak dira eta horri ilusioarekin egiten diote aurre. «Oraindik goiz da nola ibiliko garen jakiteko, hobetzeko tartea baitugu. Azken finean, gure helburua azken hiru postuetan ez geratzea da, ez jaisteko».
EBA Ligako Iparraldeko multzoa bi azpimultzotan banatua dago: Galiziatik Asturias bitartera, bata; eta Kantabriatik Kataluniara, bestea, gutxi gora-behera. Gauza hala, Easok ez du bidaia luzeegirik egin beharko. «Bidaia bakarra izango da bezperatik egin beharko duguna. Bestela, Santander, Valladolid, Burgos… bidaia erosoak dira».
Ligan bi talde donostiar daude
Easok baditu zaleak, eta hori argi geratu zen etxean Aloña Mendiren aurka jokatutako norgehiagokan. Izan ere, Gaska kiroldegian 200 zale inguru biltzea lortu zuen taldeak. Hala ere, kopuru horrek gora egitea nahi du Easok, ahalik eta zale gehien bildu bitarte. «Zalegoa indartu nahi dugu eta atsedenaldietan, esaterako, beheko taldeek jokatzea nahi dugu. Azken batean, jokalari gazteenek EBAko taldea erreferentzia moduan ikustea nahi dugu».
Oraindik jardunaldi ugari falta dira Liga bukatzeko, baina argi dago berezienak derbiak izango direla. Izan ere, Easoren maila berean jokatzen du Donostiako Askatuak Cafes Aitona taldeak. Lehen lehia abenduaren 10ean izango dute, 20:00etan. Hori iritsi bitartean, ordea, Torrelavegaren aurka jokatuko du larunbat honetan Easok, Gaska kiroldegian, 20:00etan.