San Sebastian egunerako ireki nahi dute Kirol Egokituaren Zentroa
Jo eta ke ari dira Cervantes aparkalekuaren alboan eta Kontxako hondartzaren bazterrean dagoen Kirol Egokituaren Zentroan lanean. Aurreko urteko irailean ekin zioten Erdialdeko kirol azpiegitura eraikitzen eta, dagoeneko, bi solairuko eraikinak izango duen traza asma daiteke.
Alfonso Vazquez Herri Lan eta Proiektu saileko zuzendariaren gidari lanik gabe, dena den, zaila izango litzateke kirol guneak izango dituen ezaugarriak behar bezala irudikatzea. Egun pareta ilun eta kablez jositako txokoek bi hilabetetan bestelako itxura izango dutela argitu du Vazquezek. Zorua eta sabaiak txukuntzen ari dira eta berehala hasiko dira lauzaz estaltzen. Horrek ingurua duena baino itxura handiagoa emango diola aditzera eman du.
Eraikinak abenduaren 20rako prest egon behar duela azaldu du udal teknikariak. Hortaz, abendutik aurrera eskaini nahi duten zerbitzua emateko beharrezkoak diren tresnaz hornituko lukete kirol gunea. Ondo bidean, Kontxako Kirol Egokituaren Zentroa San Sebastian egunerako inauguratu ahal izango dela kalkulatu du. Eraikinaren jabe, Kirol Egokituaren Federazioak, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak osatu dute Hegalak Zabalik fundazioa da. Fundazio horrek, hain justu, kirol gunea materialez hornitzeko lehiaketa abiarazi du. Soinketa egiteko tramankuluak, igerilekuetarako garabiak edota sendagileek euren kontsulta geletan izango dituzten tresnak eskuratzeko lehiaketa da eta abenduan izendatuko dute irabazlea.
Fundazioak, era berean, azpiegitura kudeatuko duen enpresa hautatu du eta denen artean ari dira punta-puntako ekipamendua osatzeko buru belarri lanean. Herritar guztiei irekita Entzuteko eta ikusteko zailtasunak dituztenek, elbarri, bihotzeko arazo nahiz birgaitze prozesuan ari direnek era guztietako erraztasunak eta inolako trabarik ez izatea zaintzen ari dira. Fundazioko idazkariak, Ramon Martiarenak, dena den, herritar guztientzat zabalik egongo den ekipamendua izango dela azpimarratu du.
Denentzat erakargarri izan daitezkeen era guztietako programak antolatuko dituzte. Hortaz, lesioren bat dutenentzat baliagarria izateaz gain, funtzio terapeutikoa duten jarduerak ere landuko dituztela erantsi du. Beharren araberako abonamenduak eskainiko dituzte.