Zaporez eta bidaiaz
Euro Toques sukaldari elkarteak antolaturiko Dastamenaren egunean, zentzumenak deskubritzeko txangoan sartu dira hiriko hainbat ikasle.
Dastamenaren eguna San Alberto Magnoko ikasleekin igarotzea erabaki zuten Euro Toques elkarteko Ramon Roteta eta Jose Juan Castillo sukaldariek, Pedro Subijanak Ekintzakoekin gauza bera egiten zuen bitartean. Aieteko eskolako haurrek, ordea, ez zekiten zapore eta zentzumenen lurralderako bidaian piramideak eta ezusteak aurkituko zituztela.
Bideo baten ematearekin hasi zuten ibilaldia; bidaia on guztietarako aldez aurretiko informazioa baita gomendagarria. Elikagaien Naos piramidea, zertan den edota zapore ezberdinak ahoaren zein tokitan sentitzen ditugun ikasi zuten pantailari begira, eta baita Roteta eta Castillo gidarien azalpen argigarrien bidez.
Baina, bidaietan gustagarriena norberak egindako esploratzea izan ohi da, eta horrela ikusi zuten, besteren artean, Rosak, Candelak, Paulak, Anuk, Ignaziok eta Iosuk. «Kanelak usai goxo goxoa dauka». «Ez dizut gomendatzen ura gatzarekin edatea; oso txarra da». Horien eta unean bertan bizitako beste hamaika esperientziren elkartrukea izan zen nagusi.
Roteta sukaldariak gidari langitzan urtetik urtera errepikatzeko arrazoia begibistakotzat jo zuen. «Oso garrantzitsua da hau guztia, agian ez dute gaur bertan praktikan jarriko; baina, beti gelditzen da zer edo zer».
Ameriketako kakaoa dastatu, Ekialdeko kanela usaindu, Afrikako mangoaren azala ukitu… Dastamenaren egunak erakusten du urrutira bidaiatu egin daitekeela zentzumenak ezagutzean.