Azken txanpan dira Arrasate kaleko 120 metro oinezkoen gune bihurtzeko lanak
Bergara eta Getaria arteko tartea bukatzeko hiru aste beharko dituztela kalkulatu dute langileek
Oinezkoak ari dira pixkanaka Erdialdea bere egiten. Auto artean ibili gabe, Bilbao plazatik Bulebarrera oinezko bide artean hel daiteke, Getaria, Txurruka eta Elkano kaleak gurutzatuz. San Martin azokaren inguruan ere lasai ibil daiteke, autoek Loiola eta San Martzial kaleetatik ibiltzea debekatuta dutelako. Oinezkoek, bada, beste 120 metro irabaziko dituzte Arrasate kalean.
Bergara kaletik Hondarribira zabaltzen da eraberritutako eremua. Abuztuan abiarazi zituzten Campezo enpresako langileek autorik gabeko eremu bilakatzeko lanak eta azken txanpan murgildu dira jada. Getaria eta Hondarribi arteko tartea dute aurreratuen, dagoeneko bertatik ibil baitaiteke. Edukiontzien estalkia jartzea eta aulkiek duten zorroa kentzea besterik ez da falta. Azken ukitu horiek aste honetan zehar egingo dituztela ziurtatu dute Campezo enpresako langileek.
Denbora gehiago beharko dute, berriz, Bergara eta Getaria arteko tartea bukatzeko. Kale bazterrak hiriko baldosa zuri hexagonalarekin estaltzen ari baitira oraindik. Kalea apain uzteko hiru aste beharko dituztela jakinarazi dute. Hiru aste barru oinezkoak ez ezik, txirrindulariek ere bertatik ibiltzeko aukera izango dute, Foruen pasealekuarekin bat egingo duen 65 metroko bidegorria bereiziko dutelako.
Oinezkoentzako eremuak zabaltzearekin batera, aurrera eta atzera zebiltzan ibilgailuek hondatutako espaloia eraberritu dute, bide batez. Udal Gobernuaren lehentasunetako bat orain arte arreta handirik izan ez duten auzoetan hondatuta dauden espaloi eta bideak konpondu eta txukuntzea izango da.
Arrasate kaleko proiektua aurrera eraman ahal izateko, Udalak 461.164 euroko inbertsioa egin du.

