Ez da goi mailako atleta espainiarrik lehiatuko Donostiako 34. Maratoian
Federazioak egutegi ofizialetik kenduko du igandeko lasterketa, ez duelako eskatutako zerga ordaindu nahi
Donostiako 34. Maratoia
Donostiako 34. Maratoia aurkeztu zuten atzo goizean, udaletxean. Albiste nagusia bat izan zen bereziki. Izan ere, Behobia-Donostiak bezala, honek ere arazoak izan ditu Espainiako Atletismo Federazioarekin. Maratoiko antolakuntza ez dago prest partaide bakoitzarengatik bost euroko zerga ordaintzeko. Beraz, oraindik ofiziala ez den arren, federazioaren lasterketen egutegitik kanpo geratuko da Maratoia, eta ondorioz, puntako Espainiako atletek eta bekadunek ezingo dute bertan korrika egin. «Federazioak hilabete gutxitan hiru aldiz aldatu du araudia. Azken aldaketaren arabera, azaroaren 1etik aurrera izena emandako korrikalari bakoitzarengatik 5 euroko zerga ordaintzeko eskatzen ziguten», azaldu zuen Gipuzkoako Federazioko Carlos Begoetxeak.
Bengoetxearekin batera, Juan Karlos Izagirre alkatea, Asier Sarriegi Aldundiko kirol arduraduna, DKVko Miguel Angel Olondriz, Kelmeko Juan Montiel eta Fly Group-eko Mikel Huarte izan ziren aurkezpenean. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, ordea, Etiopiako hainbat atleta gonbidatuk parte hartzea lortuko dute. Kontuak horrela, sekula baino herrikoiagoa izango da lehia eta horren aldeko apustua egiten jarraituko dutela diote antolatzaileek. Parte hartuko duten korrikalari atzerritarren artean, Behobia-Donostiako lehenengo bi sailkatuak arituko dira, besteak beste.
Gipuzkoako Txapelketa
Bestetik, lasterketaren aldaketa nagusia, ibilbide berria izango da. Orain arte Zurriola pasealekutik igarotako bidea, Askatasunaren hiribidetik joango baita. Lasterketa, igande honetan jokatuko dute, 09:00etan Madril hiribidetik hasi eta Anoetan bukatuta. Ibilbidea autoentzako itxia egongo da. Ia 3.000 lagunetara iritsi da izen ematea dagoeneko, eta zifra hori lortzea espero dute. Donostiakoa, maratoien artean azkarrenetakoa da. Izan ere, zirkuitua guztiz laua baita eta auto zirkulazioari guztiz itxia dago. Hori dela eta, oso marka onak ditu lasterketak; gizonezkoetan, 2 ordu 09’39” eta, emakumezkoetan, 2 ordu 26’51”. Gainera, batezbeste, lasterketako partaideen %17’8k hiru ordu baino gutxiago behar izaten dituzte ibilbidea osatzeko, eta %60,4k hiru ordu eta erdi baino gutxiago.
Donostiako Maratoia aldi berean Gipuzkoako Txapelketa izango da, beraz, bertako atleta onenen partaidetza izango du: Blanco eta Jon Arzubialde, eta emakumezkoetan Claudia Behobide, Sein eta Esnaola. Erbi lana egingo duten sei korrikalari ere izango ditu, iaz baino bat gehiago. Horietako bat, Asier Cuevas izango delarik.
Aurreko urteetan bezala, 10 kilometroko lasterketa ere jokatuko dute egun berean. Lasterketa nagusia baino 10 minutu beranduago izango du irteera, gutxi gora-behera. Lasterketa horretan 1.000 partaide inguru arituko dira, eta ez dute ibilbidean Maratoiko partaideekin bat egingo.
Lasterketak 14 anoa postu izango ditu. Horretaz gain, ikusleak ere animatzeko, hiru animazio gune jarriko dituzte. Easo plazan txaranga bat egongo da, Binuesa plazan Dja eta Katalunia plazan txalapartariak.
- Irteera eta helmuga. Madril hiribidean hasi eta Anoetako estadioan bukatuko da ibilbidea.
- Eguna eta ordutegia. Igandean, 09:00ak inguruan irtengo dira lehen partaideak eta 11:10 eta 14:00 artean helmugaratuko dira. pIbilbidea. Ibilbideari hiru itzuli emango dizkiote korrikalariek eta orain arte Zurriola pasealekutik egin izan duten bidea, Askatasunaren hiribidetik egingo dute.
- Partaideak. 3.000 korrikalari inguru espero dituzte. Goi Mailako lasterkariek ezingo dute parte hartu, baina Etiopiako korrikalari batzuk etorriko dira.
- Zirkulazioa. Ibilbide guztia itxia egongo da autoentzat, 08:45etik 14:00etara.
- 10 Km-ko lasterketa. 1.000 partaide inguruk egingo dute 10 kilometroko lasterketa.