Norbere burua maitatzeko aldarrikapena
Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da etzi eta, urtero bezala, Udalak, beste zenbait elkarteren laguntzaz, oraindik desagertu ez den errealitate baten inguruan hausnarketa egiteko jarduera sorta antolatu dute.
Larunbata bitartean ekitaldi ugari egingo diren arren, Berdintasun saileko Naiara Garatek bi jarduera nagusi nabarmendu ditu. Donostiako Koordinadora Feministak biharko deitu duen indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa, bata, eta Gazteszenan egingo den kontzertua, bestea. Manifestazioa 19:00etan izango da Bulebarrean eta hip hop kontzertua 21:00etan hasiko da. La Shica abeslariaren kontzertuarekin batera, Onintza Enbeitak eta Amaia Agirrek Bertso hop jaialdia eskainiko dute. Urban 13 Show taldearen dantzadiarekin bukatuko dute jaialdia. Sarrerak bost eurotan egongo dira salgai.
Hirugarren urtez, Usandizaga ikastetxeko Publizitate Grafikoko ikasleek azaroaren 25aren inguruko komunikazio proiektua garatu dute. I LOVE NI lelopean, norbere burua maitatzeko aldarrikapena plazaratu nahi dute. Mezua herritarren artean zabaltzeko ekintza berezia egin dute.