Hondakin kopurua murrizteko hiru kanpaina ditu Sanmarkok prest
Europako Hondakinen Prebentzioaren Astean gaude eta Sanmarko Mankomunitateak hondakin kopurua murrizteko duen erronkari erantzuteko hiru kanpaina prestatu ditu. Ikasturtean zehar garatuko dira eta herritar guztiek izango dute parte hartzeko aukera.
Gaztetxoenek zabor kopururik txikiena sortzen ikas dezaten, kanpaina berezia landu dute eskola eta ikastetxeetarako. Jolas eta ariketa interesgarrien bitartez, txikienak sentsibilizatzen ahaleginduko dira. Haurren laguntzaz, eskolan jasotako informazioa etxeetara iristeko bidea zabaldu nahi dute.
Sanmarkok, bestalde, ekimen berritzailea jarriko du abian. Arropa erosteko laguntzaileak dauden moduan, eguneroko erosketak egiten laguntzen duten aholkulariak eskainiko ditu mankomunitateak. Azokan, supermerkatuan edo bestelako dendetan egiten diren erosketetan hondakin kopurua murrizteko aukera ere badagoela erakutsiko diete Eguberriak igarota bilatzen hasiko diren familia boluntarioei.
Berrerabilpenaren onurak sustatzeko asmoz, bigarren eskuko azokak antolatzea izango da Sanmarkoren beste ekimenetako bat. 2012ko otsailaren 25etik apirilaren 1era hamar azoka antolatuko dituzte. Donostian, martxoaren 25ean egingo dute, Gipuzkoa plazan.