
Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Gaurkoarekin borobilduko dituzte egunotan auzo eta bazter desberdinetan antolatu dituzten ekimenak. Asteazkenetik euskararen aterpe izan den Bulebarreko karpa itxita egongo da bihar, bertan egindako harreman eta gogoetek, ordea, bizirik jarraituko dute.
Gipuzkoako ehun bat eragilek itxi dute azaroaren 30ean Bulebarrean abiarazitako Mintzodromo zikloa. Milaka herritar anonimoren topaleku izan dena, euskal artista, kirolari, politikari eta gizarte eragileren bilgune eta solasgune izan da gaur goizean.
Berriketan aritzeko baino, ikuskizun ederraz gozatzera hurbildu ziren artista eta eragile ugari, atzo gauean, Atano III.a pilotalekura. Euskararen aldeko aldarriarekin bat eginez, partida ikusgarria jokatu zuten Xala-Barriola eta Mtz de Irujo-Laskurain bikoteek Eusko Jaurlaritzak antolatutako jaialdian.
Mila euskaltzaletik gora elkartu ziren Atanon eta beste horrenbeste elkartzea espero dute hurrengo orduetarako prestatu dituzten ekimenetan. Zinema emanaldia egongo da San Telmo museoan eta Bulebarreko karpan Euskararen Ginkanako finala eta karaokea izango da 17:00etatik 19:00etara. 20:00etan, hip-hop erakustaldia eskainiko dute eta, 22:00etan, dantza latinoak euskaraz.