Esne Beltza, musikaren makina geldiezina
Taldearen disko berria, hirugarrena jada, bikoitza da; eta DVD zein CD formatuan dago eskuragarri
Erritmo nahasketa berriekin itzuli da Esne Beltza taldea. ‘Freedom’ izena du DVDak, eta ‘Hiru kolpetan’, CDak. Hiru «kolpe» jaso dituzte: Esne Beltzaren abestiak, Esne Zoparen kantak eta remix-ak eta riddimak. Mikel Laboa eta Joseba Sarrionandiaren ‘Oroitzen zaitudanean, ama’ abestiaren bertsioa ere jaso dute.
Askotariko materiala bildu dute diskoan. Halere, abesti berriek aurreko diskoen espiritu bera mantentzen dutela azaldu dute: «Hizkuntza eta musika estiloen nahasketa egiten dugu. Oraingoan Balkanetako musikaren ukitua dute. Taldea inoiz gelditzen ez den makina bat da. Etengabe ari gara doinu berriak bilatzen, eta kantuekin esperimentatzen».
Bestalde, taldekideek hurrengo maiatza arte atseden hartzera doazela adierazi dute, hiru urtez etenik jo eta jo ibili baitira. Euskal Herrian hamabi kontzertu baino ez dituzte emango, eta atzerrian gehiago jardun nahi dute.
DVDan hiru kontzertu daude, hiru urte desberdinetan egindakoak. Japoniako Fujirock-en, 2009an, Durangoko Plateruena kafe antzokian, 2010ean eta aurten, Donostiako kaian egindakoak. Gerra Hotzaren urteetan girotutako zuri-beltzeko irudiekin tartekatu dituzte zuzeneko irudiak: «Ez genuen abesti bat bestearen atzetik jarri nahi besterik gabe. Kontzertu arrunt bat izatearen ideia aspergarria egin zitzaigun, eta istorio bat sortzea erabaki genuen».
‘Made in Euskal Herria’ eta ‘Noa’ diskoen ondoren heldu da ‘Freedom-Hiru kolpetan’ bilduma. Musika beltza egiten duten musikari zuriak direla diote taldekideek. Soul, triki, reggae, ska, hip hop eta reggaeton erritmoak ondu dituzte, besteak beste. ‘Gurea mantenduz, beste herrialdetako musikarekin eta musikariekin harreman bat sortzea’ da taldearen helburua. Xabier Solano, Jon Elizalde, Pello Gorrotxategi, Aitor Zabaleta, DZ, Jon Mari Beasain, Sergio Patxuko, Iban Zugarramurdi eta Bidebietako Aritz Lonbide tronpeta jotzailea dira taldekide nagusiak.