Urtarora egokitzen den etxea
EHUko Arkitektura ikasle talde batek irailean Madrilen egingo duten Solar Decathlon lehiaketan parte hartuko du. Horretarako eguzki energiaren bidez funtzionatzen duen ‘Ekihouse’ etxea sortu behar dute.
Gazte asko bezala Alaitz Arsuaga (Amara Berri, 1988) eta Hodei Abaurrea (Intxaurrondo, 1987) habia sortu nahian dabiltza. Pisu bila ibili beharrean, ordea, etxea eraikitzea erabaki dute Euskal Herriko Unibertsitateko beste dozenaka Arkitektura ikaslerekin batera. Eta ez nolanahiko etxea. Iraunkorra eta hamar froga gainditzeko modukoa izatea espero dute. Izan ere, 2012ko irailean Madrilen jokatuko den Solar Decathlon Europe lehiaketan parte hartuko baitute.
Datorren urteko udazkenean Casa del Campoko Villa Solar-en Ekihouse eraikina altxatzen dutenean, bi urteko lanari amaiera emango diote ikasleek. Iaz antolatzaileek nazioarteko lehiaketan parte hartzeko proposamena aurkeztera gonbidatu zuten EHU, eta urtarrilean, partaide gisa onartu zuten. Hala, hamabost herrialdeko hogei lehiakideetako bat da.
Proiektua 5. mailako eraikuntza irakasgaian ikasleek egindako lanetatik sortu zen. “Taldetan banatuta ezaugarri batzuk zituen etxea prestatu behar genuen. 50 bat sortu genituen, eta lehiaketa bidez, bost aukeratu. Horietan oinarrituta eta gida batzuk jarraituz sortu zen Ekihouse“, argitu du Arsuagak. Karrera amaitzear dauden hogei bat ikasleko taldea hasi zen, eta horiekin batera, ikertzaileak, irakasleak eta bestelako laguntzaileak. Oraintsu, gainera, beste 50 ikasle batu zaizkie.
Kutxa hutsa
Arkitekto izan aurretik halako proiektu batean parte hartzea aukera ezin hobea dela uste dute ikasleek; fakultateko lan utopiko eta gauza ezinetatik egiaz eraikiko den zerbaitera urratsa egingo baitute. Taldeko lana da Arsuaga eta Abaurreren ustetan egiteko zailena, adostasuna lortzea kosta egiten baita. Horregatik, astean behin –eskola orduetatik kanpo– elkartzen diren talde txikiagotan antolatuta dira, alorka. Abaurre hidraulika kontuetan dabil eta Arsuagaren egitekoa eguzkiztapena aztertzea da. Gustukoen zutena aukeratu zuten, berrienak, beharraren arabera banatu dituzten arren. “Toki guztietan ikasten duzu, egituran egiturez, hidraulikan, iturgintzaz…”, dio intxaurrondotarrak.
Ekihouse izena ez da ausazkoa. Eguzkiarekin lotura zuzena duten bi lore kontuan hartu zituzten proiektua izendatzerakoan: ekilorea, eguzki energia aprobetxatzeko egokitzen doalako; eta eguzki-lorea, etxeak babesteko amuletoa. Eraikinak iraunkorra izan behar du, eta ahalik eta gehien, eguzki energia erabili. Halaber, erantzun bioklimatikoak eman behar dizkio erabiltzaileari. “Udan eguzkiak gehiegi ez berotzeko prestatu dugu, eta neguak ahalik eta gehien aprobetxatzeko”, argitu du Arsuagak. Hala, fatxadaren bidez isolamendua lor daiteke neguan, eta eguzki plakak mugituta, itzala udaran.
Material nagusi gisa egurra aukeratu dute jasangarria, arina eta merkea delako. Hala ere, fatxada luzeenek beirate handia dute. Barrualdea, berriz, 50 metro koadro erabilgarri dituen gune irekia da. “Kutxa hutsa da, alde batean, komuna dago, eta bestean, sukaldea. Erdian egongelako eta logelako elementuak gordetzen dituen altzari-kontainer bat dago. Honen bidez mahaia edo ohea atera dezakezu, nahi duzunaren arabera aldatzen da”, azaldu du Arsuagak.
Ideia osatuta dute, eta eraikitzen hasteko prestatzen ari dira. Diseinua egitean aurrez fabrikatutako materialak oso kontuan hartu dituzte. Izan ere, Donostia inguruko orube batean altxatuko dute, eta irailean, kamioietan eramango baitute Madrilera. Han, astebete izango dute dena berriro eraikitzeko. 200.000 euroko aurrekontua duen proiektua osatzeko bidean, errealitatearekin kolperen bat edo beste hartu dute ikasleek. Bereziki, beharrezko materiala lortzeko enpresekin duten hartu-emanean nabaritu dute. “Gu ados jartzen gara, baina gero enpresa dator eta ‘Hau ematen dizut’ esaten du, eta horrekin, agian, ezin dugu nahi duguna egin. Horrek ahuldu egiten gaitu, eta oztopoak sortzen ditu; baina irtenbidea aurkitzea da politena, hori konpontzen ikastea”, onartu du Abaurrek.
Etorkizunean ezinbesteko izango zaizkien estrategia bioklimatikoen ezagutzaz gain, bizipena bera eskertzen dute bi gazteek. “Aukera polita da. Gu bezalako jendea egin da mundua barrena gauza berak ikasten, eta haien ondoan egongo gara”, dio amaratarrak. Aurretik dituzten fase guztiak gaindituta eta txostenak aurkeztuta, irabazteko asmoz eta gogoz joango dira Madrilera. Hala ere, lehenak izateko gogoari etxea saltzeko ilusioa gailentzen zaio. “Nahiz eta ez irabazi norbait zuk egindako etxean biziko dela jakiteak sentipen berezia ematen dizu”, aitortu du Abaurrek. “Saltzeagatik baino, erabilgarri eta bizitzeko gai izango den etxea egin dugulako”, gehitu du Arsuagak.