Antiguan hilda agertu zen gaztearen aitak "istripua" izan zela dio
Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak ezagutzera eman duenez, abenduaren 1ean Antiguan hilda agertu zen 13 urteko gaztearen aita goizeko 10:00etatik deklaratzen ari da Donostiako Guardiako epaitegian. Gizonezkoak Ertzaintzari azaldu dio semeak labana “istripuz” sartu zuela altzari batetik zerbait hartzen saiatu eta erortzean. Adierazpena ikertzaileen tesi nagusiari kontrajartzen zaio, autopsiaren ondoren, gazteak bere buruaz beste egin zuela uste baitzuten.
Halaber, hildakoaren aitak onartu du larrialdi zerbitzuei abisua eman gabe joan zela etxetik, eta argitu du desagertua egon den astea Igeldo eta Usurbil artean dagoen borda batean eman duela.
Astebete bere bila aritu ondoren, asteazken gauean atzeman zuen Ertzaintzak, antza, atxilotuaren amak San Martin kalean duen etxean. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak atzo ezagutzera eman zuenez, han zegoela jakitean, poliziak bertaratu eta galdeketa egin zioten.
Ertzaintzari egindako adierazpenean azaldu zuenez, semea berarekin harremanetan jarri zen bere burua zauritu zuenean; eta, berehala, Logroño kaleko etxebizitzara joan zen. Iristean semea besotan hartu zuen, eta handik gutxira gaztea hil egin zen. Hori dela-eta poliziek gizonezkoa atxilotu egin zuten laguntza emateko betebeharrari uko egitea leporatuta. Era berean, zer gertatu zen argitzeko eta “aitaren parte hartzea zehazteko” lanean jarraitzen duela adierazi du Herrizaingo Sailak.
Abenduaren 1ean, 13 urteko mutiko bat hilda aurkitu zuten Antiguan. Logroño kaleko bosgarren atariko laugarren pisuko etxebizitza batean topatu zuten, bortxa zantzuekin, eta ondoan odoldutako laban bat zuela. Sabelaldean zituen labankadek eta etxeko hainbat lekutan aurkitutako odol arrastoek homizidioa izan zitekeela pentsarazi zuten Ertzaintza. Jarraian egindako autopsiak ordea, argitu zuen gazteak, antza, bere buruaz beste egin zuela.
