EAJ eta Bilduren arteko akordioak ez duela Udalean eragingo dio Goiak
Batzar Nagusietan 2012ko foru aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJk eta Bilduk lortutako akordioak ez duela udal aurrekontuen onarpena baldintzatuko argitu du Eneko Goia EAJko bozeramaileak. Dena den, EAJren jarrera zein izango den finkatzeko, Udal Gobernuak zirriborroa aurkeztea beharrezkoa dela eta oraindik egin ez duela zehaztu du.
Bilduk, gainera, ez du datarik zehaztu. PSEko Marisol Garmendia zinegotziak abenduaren 15erako prest izango zutela esan du. Eneko Goiak, berriz, urte bukaera baino lehen ezarri du muga.
EAJko udal taldeko zinegotziak, hala ere, udal aurrekontuari buruz hitz egin eta negoziatzeko prest daudela jakinarazi du Eneko Goiak.
Negoziazioak, ordea, hauteskunde programan ezarritako edukiak izan beharko dituela ardatz adierazi du. Hortaz, adostasunera heltzeko, gastu arruntaren kontrolak «garrantzia» izan beharko duela jakinarazi du.
Beste ardatzetako bat hiriko ekonomia suspertzeko neurriak izango liratekeela gaineratu du. Aurrekontua baliatuz, Donostia 2016ko lorpenak hiriko ekonomia indartzeko kezkari erantzun nahiko lioke EAJk, era berean. Hondakinen kudeaketan, halaber, zalantzarik ez dutela azaldu du Goiak, atez atekorik ez dutela nahi argi dutela dio.
Udal batzordeetan, gainera, sail bakoitzari dagokion aurrekontua eztabaidatu eta bozkatzen ari dira. EAJk, dena den, «argazki orokorrik izan gabe», sailetako aurrekontuen alde ez dutela egingo jakinarazi du.
