Hazkundeari alternatibak aztergai, Deustun
Mugarik Gabeko Ekonomilariak elkarteak antolatutako jardunaldia Arrupe eraikinean egingo dute.
Eredu ekonomikoa aldatzea beharrezkoa al da? Krisia aukera al da horretarako? Hazkunde ekonomikoa al da irtenbidea? Ala deshazkunde iraunkorra? Galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira, bihar, Hazkundea Vs Deshazkundea jardunaldian. Mugarik Gabeko Ekonomilariak (MGE) eta Ekonomilarien Euskal Elkargoak antolatuta, eta Deustuko Unibertsitateak eta Foru Aldundiak babestutako saioa Deustuko Arrupe eraikinean egingo dute, 18:30ean. Hiritarrek ulertzeko moduan bi eredu hauen oinarriak azalduko dituzte adituek, hausnarketarako datuak emanez.
Egungo eredu ekonomikoaren ondorioak ikusita, sistema zalantzan jarri eta sortzen ari diren alternatibaketa ereduak kontrajarri nahi dizkiote. “Krisiaren testuingurua egokia iruditzen zitzaigun, azken 30-40 urteetan indarrean egon den ereduak ondorio dramatikoak izaten ari baita, Lehen Munduan ere. Langabezia, lagun askok dituzten arazo ekonomiko larriak…”, argitu du MGEko Jesus Otxoak. Izan ere, egungo testuinguruak aldaketarako aukera izan beharko bailuke. Finantza eta ekonomia botereak nahiz hauen atzean dauden baloreak aldatzea oso zaila izango da. Otxoaren ustez, “gogaitarazi egin behar dugu, aurrean dugun Goliat-ari kilimak egin, ea apur bat kolokan jartzen dugun”. Irtenbide gisa orain arteko bideak proposatzen jarraitzen dute boteredunek. Hala ere, eredu neoliberala zalantzan jartzen duten ekonomilari kritikoak gero eta gehiago dira.
Hauen proposamena deshazkundea da. Eredu honen ildo nagusiak kontsumo zorrotza, ekoizpen sektoreak berrantolatzea, eta aberastasuna birbanatzea dira. Hala, Lurrak dituen baliabide mugatuak kontuan hartuta haztea proposatzen du. Langabeziarentzat irtenbidea ere badute: gutxiago lan egitea, denok lan egiteko. “Eztabaidagarria da, baina hala, hobeto banatuko dugu eta ongizate gehiagorekin. Era berean, aisialdia kontsumismoaren ordez, humanoagoa eta sormenean oinarritua”, argitu du Otxoak.
Jada, unibertsitateko, enpresa alorreko eta GKEetako 70 lagunek izena eman dute. Antolatzaileen ustez interesgarria izango da horren desberdinak diren alorretako jendearen iritziak entzutea.
