Aurreko zubiarekin alderatuz, %11 egin du bisitari kopuruak gora
Turismoaz bizi diren ostalari eta enpresariek pozik behar dute egon, Donostia Turismok eman dituen datuen arabera, bisitariek ez dutelako aste osoan zehar luzatu den zubi honetan hutsik egin.
Bederatzi eguneko zubiak aurreikuspen guztiak hobetu ditu. Denera, 5.225 bisitari izan dira turismo bulegoan, iaz baino %11 gehiago. Batez beste, 580 lagun eguneko. Iazko zubian 4.629 bisitari artatu zituzten.
Egunik oparoenak osteguna eta ostirala izan ziren. Hala ere, zubi osoan zehar ibili direla bisitariak nabarmendu dute.
Nazioartean halako zubirik ospatzen ez denez, inguruko herrialdeko bisitariak izan ohi dira nagusi. Herrialde Katalanetako lagunek fidel izaten jarraitzen badute ere, iazkoarekin alderatuz, %1,5 egin du bertako bisitarien kopuruak behera. Madrildik etorritakoena, aldiz, gora egin du. 2010arekin alderatuz, %2,5 egin du gora.
Gora egin du, halaber, San Sebastian Card txartel turistikoaren salmentak. Txartelak autobusera igo nahiz museo eta jatetxeetan beherapenak eskaintzen ditu. Abantaila horiek baliatu nahi izan dituzten lagunak iaz baino %150 gehiago izan dira. Hiria ezagutzeko bisita gidatua aukeratu dutenak, berriz, ehun lagun inguru izan dira.

