Pablo Milanes, Genevako Balleta eta Xabier Montoia, denboraldi berrian
Antzoki Zaharrean ‘Euskarazetamol’ eta ‘Hil arte bizi’ euskarazko antzelanak izango dira ikusgai
Urte berriari begira ari da jada Donostia Kultura. Hurrengo urtarrila, otsaila eta martxoan hiriko eszenatokietan izango diren kultur ikuskizunak aurkeztu ditu. Guztira ehun emanaldi baino gehiago izango dira arte eszenikoen neguko programan.
Viktoria Eugenia Antzokian dantzarekin hasiko da hiruhilekoa: La Veronal konpainiaren Rusia obrarekin (Otsailak 18). Hamar zatiz osatutako ikuskizuna da, eta bakoitzak herrialde eta hiri bat du gertaleku. Analogia bat sortu dute dantzaren eta topografiaren artean. Beste konpainia handi bat izango da eszenatoki berean: Genevako Balleta (Martxoak 30). Sed Lux Permanent lan berria aurkeztuko dute. Dantzariak joan den Musika Hamabostaldian izan ziren Kursaalen, Romeo eta Julieta obrarekin. Dantzaz konpainiak (Otsailak 16) ez du hutsik egingo arte eszenikoen egitarauan. Klub aretoan dantzara modu intimoago batean gerturatzeko bidea emango dute Dantzaklub egitasmoarekin. Atalak-en XIII. emanaldia eskainiko dute. Gazteszenan, berriz, proposamen garaikideenek hartuko dute. Kukai dantza konpainiak Out in (Otsailak 25) obra aurkeztuko du. Kukai eta Damian Muñoz, Jon Maya, Iker Gomez eta Virginia Garcia koreografoen arteko lankidetza lana da.
Rosendo eta Doctor Deseo
Musika kontzertuak ere izango dira Viktoria Eugenia Antzokian. Besteren artean, Pablo Milanes (Martxoak 7), Rosendo (Otsailak 2), Damien Jurado (Martxoak 16) eta Doctor Deseo (Martxoak 24) igoko dira eszenatokira. Euskadiko Orkestraren KlasikAT zikloaren barruan Kepa Junkera (Martxoak 22) ariko da. Trikitilari bilbotarraren erritmoan ariko dira Orkestrako kideak. Bestalde, Genesis taldearen The Lamb Lies Down On Broadway ikuskizuna birsortuko du The Musical Box taldeak (Martxoak 9). Laugarren aldiz izango dira Donostian. 70eko hamarkadan bira arrakastatsua egin zuen ikuskizun harekin Peter Gabrielen bandak. Lugaritz kultur etxean, berriz, Xabier Montoiak (Urtarrilak 27) disko berria aurkeztuko du: Montoiaren mundu miresgarria.
Antzerki programak Daniele Finzi Pasca Suitzako dramaturgo eta eszenografoaren Donka (Otsailak 10) ikuskizuna ekarriko du. Sunil Teatroak Txekhovi omenaldia egingo dio zirkuaren magiaren bidez. Dantzariak, malabaristak eta akrobatak ere izango dira ikuskizun honetan. Koreografo suitzarra Cirque du Soleil-en hainbat obren egilea izan da. Tanttakak Kafka eta panpina bidaiaria haurrentzako lana (Urtarrilak 2-8) antzeztuko du. Haurren ametsetara hurbilduko da euskal taldea. Jordi Sierra I Fabraren liburu bat hartu dute abiapuntu gisa. Teatro Paraisok Ezetz hegan egin (Urtarrilak 3) taularatuko du eszenatoki bereab, Viktoria Eugenian. Antzerkiaren egun handia martzoaren 27an helduko da. Egun horretan bertan emango dute Donostia Antzerki Saria. Urteko euskarazko obrarik onenak eskuratu ohi du, eta egun horretan obra irabazlea taularatzen dute. DFeria jaialdia, berriz, hainbat konpainien erakusleiho bihurtuko da beste behin. Martxoaren 12a eta 15a bitartean egingo dute hiriko eszenatoki desberdinetan.
Euskarazko obrak Antzoki Zaharrean izango dira. Bikoteatroak Euskarazetamol (Urtarrilak 13 eta 15) lana antzeztuko du. Txalo Produkzioak taldeak, berriz, Hil arte bizi (Urtarrilak 27-29) ikuskizuna taularatuko du. Adiskidetasunaren mugen inguruan egindako hausnarketa da. Bi gizon eta emakume bat, eta jakina… pare bat maitasun istorio. Ados Teatroak Wilt, panpina puzgarriaren hilketa (Otsailak 4-5) lana aurkeztuko du.