Mende laurdeneko ibilbidean, bederatzi kultur etxe
Intxaurrondo kultur etxearen ate irekien jaia
Abenduaren 17a:
Lau urteko lanen ondoren, Siustegiko ekipamendua bere osotasunean irekiko dute larunbatean. Kiroldegian jada gora eta behera dabiltza, kultur etxean, berriz, larunbatean beteko dituzte herritarrek korridore eta aretoak. Kultur etxearen inaugurazio festa handia izan dadin, hamaika jarduera antolatu dituzte. Larunbatekoa jairik borobilena izateko auzoko hainbat elkarte aritu dira, Donostia Kulturarekin elkarlanean.
Kirola eta kultura uztartuko dituen ekipamenduarekin, hiriko kultur azpiegitura sareak inoiz baino indar handiagoa izango du. Mende laurdena bete berri duen Casares izan zen hiriko kultur etxeetan aitzindari.
Intxaurrondokoarekin, beraz, kulturak bederatzigarren etxea du hirian, «liburuek beste aterpe bat eta auzotarrek topalekua», adierazi du Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak. Aterpea ez da nolanahikoa, mila metro koadrotan 32.000 dokumentu inguru sartu dituztelako. Komikizale eta zinemazaleek, gainera, beste liburutegietan aurki ez daitezkeen lanak mailegatzeko aukera izango dute. Arantza Urkia liburutegi sareko arduradunaren hitzetan, ahalegin berezia egin dute haur nahiz helduentzako komikiak eskuratzen, baita DVDak biltzen ere. Lau mila bat egongo dira aukeran. Frantsesez, ingelesez edota alemanez idatzitako liburuak irakurtzeko aukera egongo da, halaber. Hizkuntza Eskolan lantzen diren liburuak topatu ahal izango direla nabarmendu du Urkiak.
Ordenagailu eskaintza, gainera, kultur etxe zaharrekoa baino handiagoa izango da. Helduentzako hamar ordenagailu eta umeentzat zortzi eskainiko dituzte.
Kultur etxeko eskaintza, dena den, ez da liburutegira mugatzen. Musikak garrantzi berezia izango du. Kontzertuetarako aretoa egokitu dute. Gazteszenaren pare, 700 lagunentzako lekua izango duela azaldu du Agurtzane Aizpuru kultur etxeko zuzendariak. Musika Eskolak, era berean, ikastaroak eskaintzeko gela izango du. Musika lengoaia eta piano eskolak eman eta haurren abesbatza sortzeko asmoa dute.
Intxaurrondoko kultur eskaintza Larrotxenek aberasten du. Biekin aurrera jarraituko dutela eta auzoarentzat bata zein bestea osagarri izango direla aditzera eman du Arantza Urkiak.
- 11:00etan. Ez ditun hamairu erakusketari bisita Amets Arzallus bertsolariarekin.
- 11:30ean. Altza-Intxaurrondo 1851-2011 erakusketari bisita.
- 12:00etan. Kanpanoluei 11 salto gehiago!! haur ikuskizuna.
- 12:30ean. Barrikotea eta txorizo egosia.
- 13:00etan. Intxaurtxiki konpartsaren ikuskizuna.
- 10:00-14:00. Bigarren eskuko eta bertako produktu ekologikoen azoka.
- 17:00etan. Haurtxokoa: Zure karpeta egin tailerra.
- 18:00etan. Intxaurtze Kantariak kontzertua.
- 18:30ean. Donostiako Musika eta Dantza Eskolaren emanaldia.
- 19:00etan. BJune CSren kontzertua gaztelekuan.
- 19:30ean. Urban 13 Show taldearen ikuskizuna.
- 21:00etan. Anari eta Gari formatu txikiko kontzertua eskainiko dute. Triz3ps taldeak disko berria aurkeztuko du.