‘Toka’ eta ‘noka’ egiten irakatsiko du Maramarak sarean
Ikastaroak 40 orduko iraupena du, eta aurrez egin dutenek Skype bidezko mintzapraktika egiteko aukera dute.
Toka eta noka egiten, hau da, hitanoa erabiltzen ikasi nahi dutenek errazago dute orain. Izan ere, Maramara taldeak sarean ikastaroa antolatu baitu 2012ko urte hasierarako. Urtarrilaren 9an hasita, hamalau astetan luzatuko da 40 orduko ikastaroa.
Maramara taldeak esperientzia handia du hitano ikastaroak ematen, Azken hamar urteetan aurrez aurreko 20 ikastaro baino gehiago eskaini ditu Ritxi Lizartzak, hamaika hitzaldi ematearekin batera. Zuzentzaile lanean topatutako arazoek eraman zuten Lizartza hitanoari buruzko liburua idaztera. 2009an argitaratu zuen Maramara taldeak Lizartzaren proposamen metodologikoa: Hitanoa. Mintza hadi lagun! Orain, garai berrietara egokitu, eta pauso bat gehiago eman du, sarean ikastaroa eskainiz.
Lizartzaren liburuan oinarrituta ikastaroa da, eta partaideek ikasliburuaren ale bana jasoko dute. Bertako ariketekin batera, berariaz sortutako beste batzuekin osatu dute hitano ikastaroa. Aurrez aurreko ikastaroetan parte hartu dutenentzat, Skype bidezko mintzapraktika saioak ere eskainiko ditu Maramarak. 10 saio izango dira, eta bakoitzak, ordubeteko iraupena izango du.
Parte hartu nahi dutenek hilaren 31 arte izena eman dezakete, www.hitanoa.com web gunean.