2011ko sarituak.
Martxan da beste urte batez Euskararen Udal Patronatuak antolatzen duen Donostiako eskolarteko Koldo Mitxelena Saria Literatur Lehiaketa. 23. urtez antolatu duten lehiaketak haur eta gazteengan euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzea du helburu. Halaber, literatur sormena, idazketa eta irakurketa txikitatik lantzea ere xede du.
Ibilbide oparoa duen lehiaketa da, eta ikasle nahiz ikastetxeen artean harrera oso ona du. Horren erakusle, 2010ean, 26 ikastetxetako 1.708 ikaslek parte hartu zuten, 1.788 lan aurkeztuta.
Hiriko ikastetxeetako 6 eta 18 urte arteko ikasleek parte har dezakete, adinaren arabera bereizten diren sei kategoriatan. Sormen lanari dagokionez, berriz, lau atal daude: olerkia, ipuina, bertsoa eta komikia.
Oinarriak ikastetxe guztietan eta leku publikoetan –kultur etxe, liburutegi, gazteleku…– banatuko dituzte antolatzaileek. Parte hartu nahi duten ikasleek oinarriekin banatzen den fitxa bete beharko dute. Hori osatuta, aurkeztu nahi duten lanarekin batera Euskararen Udal Patronatura –Konstituzio plaza 2, behea– bidali behar dute 2012ko otsailaren 10a baino lehen.
Sari banaketa maiatzaren 20an egingo dute Viktoria Eugenia Antzokian. Bertan garaikurra nortzuk jasoko duten Joxerra Garzia idazle eta bertso adituak, Pello Añorga ipuin egile eta kontalariak, Antton Olariaga komikigileak, Arantxa Urretabizkaia, Ixiar Rozas eta Inazio Mujika idazleek eta Maria Jose Olaziregi literatur kritikoak erabakiko dute.