"Zortzi opari eskatu baino, hobe bi"
Olentzeroren laguna den Mari Domingi hiriko hainbat eskola bisitatzen ari da egunotan; opariak eskatzeko gutunerako papera eta gomendioak ematen dizkie haurrei.
Gabon kanten garaia iritsi da ikastetxeetara, eta hiriko hainbat eskoletan abesti horiek entzun dituen bisitari berezia izan dute. Beste batzuen artean, Olentzeroren lagun Mari Domingik Biteri Zuhaizti haur eskola bisitatu du, hainbat istorio, gozoki eta irribarre utzi dituela Eguberrietako oparien aurreraki gisa.
Goizean goiz, eskolak hasi berritan iritsi da Mari Domingi Groseko ikastetxera, ordurako zain du lauzpabost urteko neska-mutilen talde handia. Atarian Olentzero eta bere laguntzailea irudikatzen dituzten bi panpina daukate Groseko eskolan, eta haurrek bere “berdina” den andrea eskolan dagoela esan diote Olentzeroren lagunari. Honek, berriz, “berdina, bai, baina Mari Domingi neu naiz”, erantzun die txikiei.
Bere nortasunaren inguruko zalantzak ezabatzeko, bere istorioa kontatu die Groseko haur hauei, baita Olentzero nola ezagutu zuen eta, noski, berarekin bizitzen hasi zenekoa ere. Kontaketan ezin ziren falta gaur egun Olentzerorekin egiten dituen lanak; besteak beste, haurren gutunak ikazkinari eramatea.
Opariez ere hitz egin dute; honen inguruan, Mari Domingik aholku garrantzitsua eman die haurrei. Eskatzerakoan “zortzi opari baino, hobe bi”. Zergatia ere azaldu die: “Errazagoa da Olentzerok nahi duzuena ekartzea gutxi denean”.
Olentzerori gutuna idazteko papera Mari Domingik berak eraman dien arren, haurrek badakite zer eskatu nahi duten: bateriak, gitarra elektrikoak… “Talde bat osatuko duzue”, erantzun die mezulariak.
Gutun-azalak eta gozokia banatuta, kalerako bidea hartu du Mari Doming
ik. Beste eskolekin dituenez gain, bere agendan nahi duten haur guztiekin egiteko beste bi hitzordu daude idatzita. Gaur zortzi, Dokan jasoko ditu gutunak; eta ostirala 23an, Olentzerorekin batera, Pio Baroja kiroldegian jasoko duen ongi etorri festa.