Gehiago lortu nahi dute
Realak lan txukuna bete du 2011ean Superligan, eta bigarren itzulian oraindik ere hobeto aritu nahi dutela dio Larraitz Lucas kapitainak, orain aurkari guztien jokoa ezagutzen dutelako.
Superligari agur esan dio Realak 2012ra arte. Igandean jokatu zuen Realak Jose Manuel Etxabe entrenatzailearen aginduetara, 2011ko azken partida. Zaragozako Transportes Alcaine izan da Realaren aurkaria, eta ezustean, 5-0 gailendu ziren txuri-urdinak Zubietan. Gabonetan ligak atsedena hartuko duen arren, jokalariek lanean jarraituko dute; eta astebeteko lasaialdiaren ostean, entrenamenduekin jarraituko dute. Urtarrilean bukatuko dute Superligako lehen itzulia, eta bigarrenari ere ekingo diote. Orain arteko lanaren irakurketa egin du Larraitz Lucas (Egia, 1982) kapitainak Irutxuloko Hitzarentzat.
Argi dago Realak bazituela aurreko igandean Zaragozako taldearen aurka irabazteko aukerak, lehenago ere lortu izan baitu. Hala ere, inork ere ez zuen uste halako erraztasunarekin gailenduko zirenik donostiarrak. «Beraien aurkako partida guztiak onak izaten dira, baina asko kostatzen zaigu irabaztea. Azken urteetan partida oso berdinduak jokatu ditugu», dio Lucasek. Asteburuko protagonista euria izan den arren, jokatzeko zelaia ongi zegoela dio Lucasek. «Zelaia nahiko ongi zegoen, ez zegoen putzuz betea. Gainera, lehen minututik emaitza alde izan genuenez, askoz ere errazago jokatu genuen». Partida bere osotasunean aztertuz, aurkariak «espero baino okerrago» aritu zirela aitortu du Realeko kapitainak.
Irakurketa baikorra
Aipatu bezala, Superligako lehen itzulia bukatzeko bi partida geratzen zaizkio Realari. Baina ligaren atsedenaldia dela eta, urtarrilera arte ez ditu jokatuko. Orain arte Realak jokatutako hamabost partidetatik zazpi irabazi ditu, bost galdu eta gainontzeko hiruak berdindu. Guzti hori aztertuta, irakurketa baikorragoa egin du Lucasek etxeko norgehiagoken inguruan, kanpokoengatik baino. «Orokorrean taldea ongi ibili da. Bartzelonaren eta Athleticen aurkako partidak kenduta, etxean oso partida politak jokatu ditugu. Jokoan erakutsi dugu iaz baino talde hobea dugula eta entrenatzaileak aukera gehiago dituela jokalariak aldatzeko. Kanpoan, espero baino gutxiago lortu dugu, baina orokorrean itzuli polita osatu dugu».
Zehazki, Llanos eta Startit dira Realak aurtengo denboraldian oraindik ezagutzen ez dituen taldeak. «Badajozeko taldea badakigu etxean indartsua dela, eta bidaia luzea izango dugun arren, gutxienez puntu bat lortzen saiatuko gara. Eta Startiten aurka, etxean garaipena lortu behar dugu, lehen itzulia txukun bukatzeko».
Momentu honetan sailkapeneko bederatzigarren postuan dago Reala, 24 punturekin. Liderra Bartzelona da, 43 punturekin, eta Athletic, Espanyol eta Huelva dira hurrengoak, hurrenez hurren. Lucasek argi dauka Realaren helburua; «Egia esan, gure helburua lehenengo lau sailkatuen artean sartzea da, baina ez dugu batere lan erraza». Azken batean, denboraldi bukaeran lau talde onenak izango dira Kopa jokatzeko aukera izango dutenak. «Polita litzateke goiko postuei heltzea, gainera, sailkapenari begiratuta lor dezakegula uste dut, bigarren itzuli guztia geratzen baitzaigu».
Aretxabaletan
Kontuak kontu, orainarte taldeak egindako lana ikusita, oraindik ere gehiago egiteko gai dela uste du Lucasek. Hala, bigarren itzulian oraindik ere puntu gehiago eskuratu nahi dituzte. «Lehen itzulian gora-beherak izan ditugu, baina orain badakigu aurkari guztiek nola jokatzen duten».
Gabonetan, urteroko Aretxabaletako txapelketan parte hartuko dute, abenduaren 31ean. Baina hori baino lehenago, Olentzero pasako denez Euskal Herriko etxeetatik, Lucasek Realari utzi beharrekoa eskatu dio: «Olentzerori eskatuko nioke beti ere lesioak errespetatzea. Hortik aurrera, jokoan pixka bat hobetzen laguntzea».
Superliga: Realaren Lehen itzulia
- Valentzia-Reala: 1-3.
- Reala-Atletico Madril: 2-1.
- Reala-Athletic: 1-3.
- Espanyol-Reala: 2-1.
- Reala-Reocin: 3-0.
- Huelva-Reala: 0-0.
- Reala-Collerense: 2-1.
- San Gabriel-Reala: 0-1.
- Reala-R. Vallecano: 0-1.
- Levante-Reala: 2-0.
- Reala-Lagunak: 1-0.
- El Olivo-Reala: 2-2.
- Reala-Bartzelona: 0-4.
- Malaga-Reala: 1-1.
- Reala-T. Alcaine: 5-0.
- Llanos-Reala: 2012ko urtarrilak 8.
- Reala-Startit: 2012ko urtarrilak 15.