Opari bereziak eta bakarrak
Lur artisau kolektiboaren Eskulangintza Azokak larunbatean ireki zituen ateak. 38. aldia da, eta, ohi bezala, Errege bezpera arte zabalik egongo da.
Eguberrietan huts egiten ez duen gauzetako bat da Eskulangintza Azoka. Argiak, gospel kontzertuak nahiz apaingarriak bezain ohiko bilakatu da Lur artisau kolektiboak antolatutakoa, 20 urtetik haratago doan ibilbidea baitu. Larunbatean 38. aldiz ireki zituen ateak, eta urtarrilaren 5a arte kuxkuxeroei eta opari bereziren bat erosi nahi dutenei zabalik egongo da.
Eguraldi zakarretik babestuta, karpa barruko goxotasunean, Urdaneta kaleko karpa barruko azoka osatzen duten 32 postuetan begira-begira edo zerbaiten bila zebiltzan hainbat lagun goizean. Artisau batzuk gertukoak dira, baina asko A Coruña, Mallorca, Girona eta beste hainbat tokitatik etorritakoak dira. Euren eskuekin, egurra, buztina, beira… forma eta tamaina anitzetan moldatu eta koloreztatuta egindako salgaiak anitzak dira. Hustutako enborretan egindako bitxi kutxak, koadernoak, oinetakoak… bakarrak eta bereziak denak. Deigarrienen artean, Feta postuan eros daitezkeen zeramika panpinak. Hauek elkartuta, norberak bere sendia osa dezake. Ahalik eta zehatzena izateko, gainera, eredu asko ditu erosleak aukeran: burusoilak, betaurrekodunak, ile kizkurra dutenak, soinekodunak…
Ekoitzitakoa adina saldu
Aldaketa nabaritu dute artisauek azken urteetan: jendeak gehiago begiratzen du erosi aurretik. Batetik bestera ibili ondoren, hala ere, Olentzero nahiz Errege Magoak iritsi aurreko egunetan salmentak pilatu egiten dira. Egoera berriak, ordea, ez ditu kezkatzen. “Artisauak gara, gure ekoizpena mugatua da, eta hori adina saltzen dugu”, aitortu du larrua lantzen duen Marta Chivitek. Lehen egunetan eguraldiak asko lagundu ez badu ere, ondo hasi direla uste du. Azokan hamar bat urtez parte hartu duen Alejandra Testone ere iritzi berekoa da. 2011 urte kaskarra izan den arren, “azokan beti saltzen da, balantzea ona izaten da”, gogoratu du. Testoneren lanek jakin-min handia pizten dute, hostoekin bitxiak egiten baititu. “Oinarria beti naturala da, prozesu kimiko bat egin eta, azkenik, urreztatu edo zilarreztatu egiten ditut”, argitu du.
Testonerentzat ez bezala, Idurre Elosegirentzat lehen azoka da aurtengoa. Pasai Antxoko gazteak bere lana ezagutzera emateko aukera paregabea dela uste du. Bezeroen interesengatik galdetuta, ondokoa dio: “Interes gehien piztu dutenak koloreztatutako tapoiak eta pinuarentzako apaingarriak dira. Barregura eragiten dutenak, aldiz, kakaleku dioten azulejuak. Grazia egiten diete”. Horiekin batera, Chillidaren Haizearen Orrazia, Igeldo mendiko dorrea, edo badiako paisaia marraztuta dituzten azulejuek jarri ditu salgai, baina, oraingoz, ez ditu inork eskatu.
ESKULANGINTZA AZOKA
Non. Urdaneta eta Errege-erregina katolikoen kaleen arteko karpa.
Noiz arte. Urtarrilaren 5a.
Ordutegia. 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
Tailerak. Arratsaldero, haur tailerrak, 17:00etatik 20:00etara.

