"Donostiarra izanik, txikitatik ospatzen dut egun hau"
Santo Tomas egun euritsua izan da gaurkoa, baina horrek ez du giroan eragin handiegirik izan, eta jai-giroa nagusitu da hiriko kaleetan. Irutxuloko Hitzak inkesta txiki bat egin du festazaleen artean, eta hainbat iritzi bildu ditu.
Maddi Labaka (Lasarte): «Dagoeneko bukatu dugu lana, nahikoa izerditu dugu»
Goizetik hasi dugu eguna, Antigua Luberriko postuan lan egin baitugu, ikasturte bukaerako bidaiarako dirua biltzeko. Dagoeneko bukatu dugu lana, nahikoa izerditu dugu; eta orain beste batzuen txanda da. Eguraldiak ez du asko laguntzen, baina buelta bat emango dugu, txerria ikusi eta egunaz gozatuko dugu.
Patxi Berradre (Amara): «Donostiarra izanik, txikitatik ospatzen dut egun hau»
Urtero oporrak hartzen ditut Santo Tomas egunerako. Lagunekin elkartuko naiz eta jaian murgilduko gara, ongi pasatzeko asmoarekin. Eta noski, zerbait jan eta edango dugu. Donostiarra izanik, txikitatik ospatzen dut egun hau, eta oroitzapen eta momentu on asko gogorarazten dizkit.
Ane Jauregi (Tolosa): «Urtero etortzen gara koadrilakoak Tolosatik Donostiara»
Urtero etortzen gara koadrilakoak Tolosatik Donostiara, trenean segituan iristen baikara. Euskal giroa asko gustatzen zaigu. Parte Zaharrean trago bat hartuko dugu eta gero txistorra pintxoaren txanda izango da. Egun pasa egingo dugu eta parranda egiteko aukera ere badugu, oporretan baikaude.
Aimar Mitxelena (Hondarribia): «Jai eguna izan gabe, jaia ospatzea oso polita da»
Lagunekin bildu, eta txistorra eta sargardoa dastatuko ditugu. Gero beste lagun batzuekin elkartu eta bazkaltzera joango gara, sagardo gehiago edanez. Arratsalderako Irunera joango gara eta han jarraituko dugu, ea noiz bukatzen dugun parranda! Jai eguna izan gabe, jaia ospatzea oso polita da.
Haizea Martin (Intxaurrondo): «Presoen aldeko pegatinak banatzen pasako dugu eguna»
Presoen aldeko pegatinak banatzen pasako dugu eguna, eta behin bukatuta, parranda botako dugu. Arratsaldean kontzertuak egongo dira Trinitate plazan eta bertan geratuko gara. Oso gustuko dut baserritarrez janztea, eta jende guztia berdin jantzita ikusteak bere xarma dauka.
Mertxe Amunarriz (Erdialdea): «Oso goiz atera gara etxetik; 10:30erako kalean ginen»
Oso goiz atera gara etxetik; 10:30erako kalean ginen. Trinitate plazatik pasa eta goiz itzuliko gara etxera. Santo Tomas eguna zoragarria da betidanik. Lehen ez zen hainbesteko girorik egoten, baina orain denetikan dago, bai gazteentzat bai helduentzat ere. Txistorra ogitarteko ederra ere jan dugu.
Kepa Amutxastegi (Antigua): «Txorizo pixka bat jan eta arratsalderako etxean izango gara»
Eguraldiaren arabera moldatuko dugu eguna. Goizean etorri naiz haurrekin eta animalitxoak ikusten aritu gara. Txorizo pixka bat jan eta arratsalderako etxean izango gara. Haurrek ere oso gogoko dute egun hau, baina eguraldi hotzarekin kontuz ibili behar gara, gaixo jarri baino lehen.