Gebre eta Asahssah lehia bizian espero dituzte Erregetako Krosean
Uliako Gimnastika Elkarteak Erregetako Krosaren berri eman du gaur eguerdian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Groseko lasterketan, bat egingo dute puntako atletek eta korrikalari afizionatuek, bigarren urtez jarraian. Momentuz, 160 lagunek eman dute izena baina 300eko langa gainditzea espero dute. Atleta ezagunei dagokienean, emakumeak izango dira gehienak, besteak beste, Trihas Gebre (Behobiako txapelduna) etiopiarra, Malika Asahssah marokoarra (Erregetako Kroseko garailea azken bi urteetan), Maria Lopez de Tejada donostiarra edota Nell Rojas estatubatuarra. Lehenengo bien arteko lehia bizia espero dute Gimnastikakoek. Gizonezko aurpegi ezagunak ere egongo dira, Abdellah Tagharrafet marokoarra edota Rahid Naddij espainiarra.
Lasterketa ostiralean jokatuko dute, 11:45ean hasita. Hori bai, 10:30ean eta 11:00etan beste bi irteera egongo dira, horietan txikiek eta gazteek parte hartuko dutelarik. Izen ematea Internet bidez egin daiteke, kirolprobak.com webgunearen bidez. Lasterketaren egunean bertan ere izena emateko aukera izango da.