Zapata bete oroitzapen gozo
Kai inguru guztia haur eta helduz bete da. Itsasontziz etorri diren Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera egiteko gerturatu dira kaira
Goizean goizetik 40 bat ume erregeen zain egon dira udaletxe aurrean
Elefanteak bereganatu zuen iaz haur, guraso eta baita bertako nahiz nazioarteko komunikabide guztien arreta. Oraingoan, ordea, haizea, itsaso zakarra eta eguraldirik petralenari ere aurre egiteko haur eta gurasoek duten indarra izan da deigarriena.
Ez da gutxiagorako ere, eguneko benetako izarrak iristear baitziren kaira. Denek argi zuten ez zela kirol izarrik, ezta Justin Bieberrik ere pasako, Errege Magoak baizik. Giroa, baina, kontzertu ikusgarri eta kirol partida handietakoa izan da. Kai inguru guztia lepo eta zalaparta ikaragarria. Umeen oihuek harrera girotzera joandako Joxelontxos txarangaren doinuak ixildu dituzte.
Bien bitartean, beste haur asko udaletxean Meltxor, Gaspar eta Baltasarrekin hitz egin ahal izateko zain ziren arratsaldeko lehen orduan. Harrigarria bada ere, 40 bat ume goizeko 9:00etatik ari ziren egonean udaletxeko atarian, Errege Magoekin aurrez aurre lehenengoak izateko.
Inork ez du Meltxor, Gaspar ala Baltasarrekin hitz egiteko aukera inondik inora galdu nahi izan. Baita udalbatza aretora iristeko denbora luzea igaro behar izan badute ere. Alderdi Ederreko lorategiak gurutzatu eta Andia kaleraino iritsi da erregezaleen ilara.
Udaletxera hurbildu den jendetzaren aurrean, bi ordutan ahalik eta ume gehien igarotzeko dena prest izaten dute antolatzaileek. Kolore desberdinetako gonbidapenak banatzen dituzte, umeek gutuna zein erregeri eman erabakitzen dutenaren araberakoa.
Maitagarri Alderdi Ederreko ilara eta kaiko harrera beroa ikusita, Ekialde Urrunetik itsasontziz egindako bidaia gorabeheratsuak merezi izan zuela esan dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek. Gasparrek aholku bat eman die haurrei: «Zapatak garbitu eta ondo lo egin». Umeek ere, azken urtean, zapata opariz betetzeko egin duten ahaleginaren berri eman diete erregeei: «Meltxor, ondo portatu garela!», oihukatu dute gaztetxo batzuek. Meltxorrek ez du zalantzarik: Donostiarrekin arazorik ez duela izaten nabarmendu du erregeak.
Erregeek zer ekarri duten ikusteko esnatzerakoan, batzuk opari handiagoak jaso dituztelako poztuko dira, besteak tristeago egongo dira gutunean idatzitako zerrendaren herena ere ez dietelako ekarri. Gaur, baina, heldu zein ume, denak ziren pozik, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek guztientzat izan dituztelako besarkadak eta muxuak.