Hainbat argazkilari donostiarren ondarea bildu dute Kutxa Fototekan
Kutxak 500.000 argazki inguru jaso ditu Fototekan. Gipuzkoako historia erakusten duten irudiak dira; XX. mendearen hasieratik gaur arte. Bi funts dira nabarmentzekoak bilduma honetan: Marin eta Fotocar.
Marin funtsa Pascual Marinekin (Tutera, 1893 – Donostia, 1959) hasi zen. 1945etik aurrera Pascualen suhiak, Paco Marik, hartu zuen estudioaren lekukoa, bere alaba Manuela eta Maria Teresarekin, harik eta denda itxi zuten arte 1972an. 1914an Donostiara etorri zen Ricardo Martin-en Photo Carte estudioan lan egiteko, eta aldi berean ‘Novedades’ aldizkariarentzat eta ‘El Pueblo Vasco’ egunkariarentzat lan egin zuen. 1920 aldera bere estudioa jarri zuen, Casa Marin, eta 1928an ‘L´Illustration Française’ delakoan Donostiako turismoa sustatzeko irudiak argitaratzen hasi zen. 1929an urrezko domina lortu zuen Zaragozako Nazioarteko V. Aretoan. Errege Etxearen argazkilaria izan zen Miramar jauregian egiten zituen udako egonaldietan.
Gerra Zibilaren garaian miliziano errepublikarren irudiak “Frente Popular” egunkarian agertu ziren. 1936ko irailaren 13an Donostiaren okupazioaren argazkiak egin zituen. Hilabete batzuk geroago, Mola jeneralarekin autoan zihoala Gernika inguruan bala galdu batek eskuineko besoa elbarri utzi zion.
Paco Mari (Madril 1914-Donostia 1972) zezen-argazkilaritzan espezializatu zen, eta estatuko zezen-plaza guztietatik igaro zen, oso gaztetatik eredu bihurtuz. Manolete-ren argazkilaria izan zen. Gerra Zibilean Madrilen geratu zen errepublikarrei laguntzen, eta badira gerran zegoen hiriko argazkien erreferentziak, baina hala ere ezin izan dira dokumentatu orain arte. Maria Teresa Marin ezagutu zuen Iruñeako Sanferminetan eta Donostiara etorri zen 1945ean; Pascual Marinen estudioan hasi zen lanean, eta haren ondorengoa izan zen, eta bertan egin zuen bere lan-ibilbide guztia 1972an hil zen arte.
Ricardo Martin (Donostia, 1882-1936), lanbidez administratzailea, Urquijo banketxeko langilea izan zen. Oso gaztetatik argazkilaritzan zaletua, 1914an argazki-estudioa ireki zuen Donostian Hondarribia kaleko 2. zenbakian, Photo Carte izenarekin. Oso gizon zehatza zen eta hasieran berak emultsionatzen zituen negatiboak kristalezko euskarriarekin.
Apartak dira auto-lasterketen bere irudiak; izan ere, Lasarteko Automobil Zirkuituan biltzen ziren une hartako gidaririk eta talderik onenak, eta argazkiak Italia eta Suitzako aldizkarietan argitaratu ziren. Argazki horiek, estetikoki, Frantziako Jacques Henri Lartigue argazkilari ospetsuarenak gogorarazten dituzte kasu askotan.
1936ko maiatzean hil zen eta haren alarguna, Agustina Zugasti, jabetu zen estudioaz “Photo Carte. Vda. de Ricardo Martín” izenarekin. Gerra garaian dendako langileek eta haren seme Vicente Martinek egindako irudiak zirraragarriak dira. Munduari bira eman zioten, eta ‘L’Illustration Française’, ‘Regards’ eta Kubako ‘Bohemia’ aldizkari garrantzitsuan ere argitaratu zituen.
1936ko uztail eta irail artean, eta ospitaleetan zegoen hornikuntza-gabezia betetzeko, Photo Cartek ematen zien Gipuzkoako klinikei erradiografiak egiteko behar zuten materiala.1936ko gerraren ondoren estudioaren izena aldatu behar izan zuen, eta Fotocar izena hartu zuen 1940ean. Vicente Martinek jarraitu zuen estudioaren lanarekin, 1991ean erretiroa hartu zuen arte.Urte hartan itxi zituen ateak Fotocarrek.