(Argazkia: Xabier Etxabe)
Añarbek Loiolan zuen ponpatze estazioa hauts bilakatzen ari dira. Abenduaren 28an hasi ziren eraikina eraisteko lanak eta datorren astean dute arrasto guztiekin bukatzeko asmoa. Libre geratuko den 1.200 metro koadroko eremuan parke edo plaza bat egitea aurreikusi dute. Udalak aparkaleku bat egiteko aukera ere mahai gainean jarri du. Egitasmo hori, ordea, bizilagunen esku egongo da, jasotako eskabideen arabera egingo dutelako aparkalekua. Udalak gutuna bidali die bizilagunei proposamenaren berri emateko. Udaletxean lehen eskabideak jasotzen hasi dira jada.
Aparkalekuko lanei, gainera, EuskoTrenek Loiolako geltoki berria bukatu baino lehen ekiteko aukera izango lukete. Izan ere, geltokia eraiki eta trenbideko zubia ordezkatu bitartean, ez dira parkea eraikitzen hasiko. Horretarako, urtebete beharko dela kalkulatu du Herri Lan eta Proiektu sailak.
Halere, eraikitzen hasi baino lehen, 1.200 metro koadroko eremuan zer egin definitu eta diseinatu beharko dute. Horretarako, partaidetza prozesua jarriko dute abian.