Joan den urtean diskoa argitaratu duten tokiko taldeek Jazzaldian parte hartzeko aukera izango dute
Hurrengo Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeen hautaketa prozesua aurrera doa. Ostegunean bertan hasiko da behin betiko zerrendan zein talde sartuko diren erabakitzeko kontzertuak. Aurten 37 proposamen jaso ditu jaialdiak, eta bidalitako grabaketak kontuan hartuta, Antolakuntza Batzordeak hamabost talde hautatu ditu. Hauek guztiek zuzeneko bat emango dute urtarrila eta apirila bitartean. Fnacen, Altxerrin eta Viktoria Eugenia klub aretoan izango dira emanaldiak. Ondoren, jaialdiak hamar talde hautatuko ditu.
Kike Mora Quartet izango da eszenatokira igoko den lehen taldea. Ostegunean izango da, Viktoria Eugenia klub aretoan, 20:00etan. Ostiralean Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Big Banda ariko da areto berean, eta ordu berean. Jonathan Hurtado, Gabacho Connection, La Prima Janis, Ornetillos eta Miguel Salvador Quartetek parte hartuko dute prozesuan, besteren artean.
Joan den urtean diskoa argitaratu duten tokiko taldeentzat bide berria ireki du Jazzaldiak. Antolakuntza Batzordeak bost talde aukeratuko ditu, eta jaialdiaren programazioan sartuko ditu. Parte hartu nahi duten taldeek diskoa bidali behar dute ahal bezain laster jaialdiaren bulegora, Erregina Erregenteko 8. zenbakira.