Lehen gorpua atera dute Polloetik ume lapurtuen auzia dela-eta
Ume lapurtuen afera hasi zenetik, bigarren gorpua atera dute gaur hobitik. Afera honi lotuta iazko iraila bukaeran atera zuten lehen gorpua, Bilbon. Polloe hilerrian izan da, gaur goizaldean, kasua daraman epaileak baimenduta. “Mercedes Ocarizen eskaera onartu du epaileak. Gorpuari ADN frogak egingo dizkiote eta han hilobiratua dagoena bere alaba den ikertuko dute”, azaldu dio Irutxuloko Hitzari SOS Ume Lapurtuak Euskadi elkarteko presidente Flor Diazek.
Ocariz 1977ko uztailaren 3an erditu zen, Donostiako Martin Santos klinikan, eta kasua salatu zuen iaz. “Ocarizek zortea izan zuen, bere alaba familiaren panteoian lurperatzea lortu zuelako, eta errazagoa izan da dokumentazioa bilatzea. Gainera epaileak berak baimendu du gorpua hobitik ateratzea. Beste hainbat kasutan familiak berak ordaindu behar izan ditu gastu guztiak”, jarraitu du elkarteko presidenteak.
Ocarizentzat gogorra izan dela azaldu du: “Zauri handi bat berriz irekitzea bezala izan da. Oso prosezu gogorra da. Behintzat kasua argitzeko aukera izan du, hori baita garrantzitsuena. Panteoian lurperatuta dagoena bere alaba ez bada errudunak bilatu beharko dira”. Halere, errudunak ez ezik, biktimak ere bilatu behar direla azpimarratu du Diazek, “derrigortutako desagerketak zan baitziren. Guretzat gogorra da biktimek egia inoiz ez jakitea”. “Gipuzkoan hainbat kasu amaitutzat jo dituzte frogak falta direlako, eta beraz, gaur lortu duguna urrats txiki bat da. Amaitutzat jotzen ez den beste kasu bat lortu dugu. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du auzi honen inguruko ikerketa batzorderik sortu, eta kasu gehiago argitze aldera ezinbesteko neurria dela uste dugu”, azaldu du Diazek.