Reala Kopatik kanpo geratu da, Mallorcak jipoitu eta gero (6-1)
Realak jipoia jaso du Mallorcan, 6-1 galdu baitu. Emaitza honekin, Kopatik kanpo geratu dira donostiarrak.
Partida negargarria egin dute Montanierrek zuzendutako jokalariek. Lehen zatia harrigarria izan da. Talde txuri-urdinak kanporaketa bideratuta zuen 0-1ekoa lortuta, 16. minutuan, Diego Ifranen bitartez. Anoetan joaneko norgehiagokan lortutako 2-0ekoa kontutan izanik, Mallorcak lau gol behar zituen final-laurdenetarako sailkatzeko. Eta, harrigarria dirudien arren, etxeko taldeak lau gol horiek lehen zatiaren azken hamar minutuetan lortu ditu. Bigarren zatiaren hasieran, bosgarren eta seigarren golak sartu ditu Mallorcak, Reala lotsagarri utziz. 6-1ekoarekin amaitu da partida eta, horrekin batera, Realaren Kopako ametsa.