Entseguetan, hobe ziurrenetik hastea
Burrunba soinua gero eta nabarmenago zabaltzen ari da hiriko txoko guztietara; proba saioetan hasi ez diren danborrada gutxi gelditzen dira, den-denek serio hartzen dutelako patroiaren egunean, donostiarren aurrean, egin beharreko emanaldia.
San Sebastian eguneko ospakizunetan parte hartuko duten danborradak bete-betean ari dira prestatze lanetan. Agurrak, zozketa txartelak eta urteroko erritualaren pasarteak errepikatzen dira hiriko elkarteetan eta antzekoetan. Horien adibidea da Antiguoko Kirol Elkartea; astearekin batera hasi zituen entseguak.
Telefono bidez jakinarazi ohi diete Antiguoko elkartearen danborradako kideei entseguetako lehen eguna zein izango den; baina, badaezpada ere, Javier Garcia arduradunak azaltzen duenez, «auzoko taberna batzuetan kartelak ere jartzen ditugu». Aurreko urteko upel eta danbor zenbakia gogoratzea asko laguntzen die antolatzaileei, hastapen eguneko zerrenda pasatzeko garaian.
Garciak entsegura etorritako guztei, banan banan, ongi etorria eta saltzeko zozketa-txartel mordoxka eman dizkie. «Diru asko gastatzen dugu San Sebastian egunean, beste danborradei egindako harreran xanpaina eta pastak ateratzen dizkiegu, eta gurearen hasieran omenduarekin kanoikada egiteko tresnak eta zaldia alokatzea… ez da merkea, ez». Horiek guztiak ordaintzeko, beraz, kide bakoitzak saltzaile lanak egin behar izaten ditu.
Agurretatik, jotzera
Gehienak auzokideak izanik ere, batzuek urtebete daramate elkar ikusi gabe. Derrigorrezko agurren eta «ea aurten maizago ikusten dugun elkar» bezalako esaldien artean, bakoitzak bere danborra edo upela hartu, eta dagokion txokora abiatzen dira danborradako partaideak. Asko diren arren, ez dira denak azaldu eta egun handirako denbora gutxi gelditzen da. Garciak dioenez, «urtarrilaren 2an hasi nahi genituen entseguak, baina ezin izan dugu. Hala ere, bi asteotan egunero izango ditugu». Harro ere, gaineratu du: «Beste elkarte batzuek pare bat entsegu besterik ez dute egiten».
Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxak ireki du entsegua, eta sorta luzearen lehen alea entzun ondoren, Iñigo Santin danbor nagusiak egoera neurtu du. «Azkarregi joan da, mantsoago egin behar dugu», jakinarazi die urketari zein danbor eta upel jotzaileei. «Klasikoen» aldera jo du gidariak, betikoak ziurtatuta lasaiago geldituko delako. Modu honetan, Diana, Tatiago eta Iriyarena bezalako doinuak lehen entsegu eguneko arreta bereganatu dute. Izan ere, datorren ostiraleko emanaldirako hobe baita ziurra denetik hastea.



