Garbiñe Alkizaren aurkako epaiketa salatzeko elkartasun adierazpena egin dute Egiako epaitegian
Garbiñe Alkizak gaur goizean deklaratu du epailearen aurrean. Jon Anzaren zenaren senidea da intxaurrondotarra. Duela bi urte Donostian Anzaren heriotza salatzeko manifestazioan segurtasun indarrak iraintzea egozten diote. Iaz ere deklaratu behar izan zuen Egiako epaitegian, eta orduan adierazitakoa berretsi du: “Estatuko indarrek eta Guardia Zibilak zerikusia dutela Jon Anzaren desagerketan”. Fiskalak hamalau hilabeteko espetxe zigor eskaera egin du. Gaur goizean Intxaurrondoko bizilagun talde batek eta Anzaren senideek agerraldia egin dute epaitegian, eta elkartasuna adierazi diote Alkizari: “Egia eskatzeagatik eta gerra zikinaren kasu berri baten aurrean gaudela pentsatzeagatik epaitu dute. Ez dago egia argitzeko borondate politikorik. Egia eskatzen jarraituko dugu”. Anzaren gorpua 2010eko martxoan agertu zen Tolosako (Okzitania) gorputegian. Donostian martxoaren 14an manifestazioa egin zuten Anzaren heriotza salatzeko. Hain zuzen Anzaren senide den Garbiñe Alkizak hartu zuen hitza manifestazioaren bukaeran, eta bertan egindako adierazpenengatik epaitzen ari dira.