Antolaketa eredua zabaltzea da Piratek esku artean duten erronka
Hamar urte bete dituzte eta urtebetetze festa «ilusio handiarekin» prestatzen ari direla dio Aratz Trecetek
Aste Nagusiko jai ereduarekin gustura ez zeuden Piratak koskortu dira. Abordatze xume batekin hasi ziren eta hamar urteren ondoren, jai egitarau ofiziala konkistatzea lortu dute. Piraten komunitatea urtetik urtera zabalagoa da eta 2002an ereindako jai eredu parte hartzaile eta auzolanaren hazia errotu dute. Mugimenduaren antolaketan, ordea, pauso berriak eman nahi dituzte, orain arteko lagun taldea askoz ere handiagoa izan daitekeela uste dute eta eredu parte hartzaileak indar handiagoa izan behar duela zalantzarik ez dute. Zein pauso eman daitezkeen eztabaidatzeko, pirata diren eta izan nahi duten guztiak urtarrilaren 28an, Dokan, egingo duten biltzarrera deitu dituzte.
Eztabaida saiora joan baino lehen, Piratek zein erronka dituzten jakin nahi duenak, urtarrilaren 25an, Dokan egingo den batzar irekira hurbil daiteke. Jorratuko diren gaiak zabalago azaltzeko saioa izango da.
Aurtengoa, baina, lotsati hasi eta dagoeneko pirata ausart diren guztiak zoriontzeko urtea izango da. Urtebetetze festa «ilusio handiarekin» prestatzen ari direla aitortu du Aratz Trecet Piraten bozeramaileak.
Antolatze lanetan, ordea, zalaparta handirik atera gabe ari dira. Xehetasun guztiak ezagutzeko gehiago itxaron beharko bada ere, aurten, abordaia berezia izango dela aurreratu du Trecetek. Umeek parte hartu ahal izatea gustatuko litzaieke.
Hilabeteotan, behintzat, eginkizun garrantzitsua izango dute haurrek, urteurreneko logoa sortzeaz arduratu beharko direlako. Lehiaketa bat antolatuko dute eta eskolaz eskola umeek egindako marrazkiak biltzen ibiliko dira, erakargarriena bilatu arte.
Ume askok, behar bada, Karibe aldeko piratak ezagutuko dituzte bakarrik. Haientzat eta Piraten ibilbidea ezagutu nahi duenarentzat dokumentala prestatzen ari dira. Otsaila, martxo alderako prest egongo dela esan dute.


