Euskaltzale, idazle eta abertzale
Euskara, literatura eta politika uztartu zituen ‘Txillardegi’k bere bizitza oparoan zehar. Horietako arlo bakoitzean ondare nabarmena utzi du, etengabeko lanaren erakusle paregabetzat.
Euskalgintzaren erreferente handia izan zen Txillardegi. Euskara ez ezik, antiguatarrak literatura eta politika ere izan zituen bidelagun, gaztea zenetik. Euskalgintzako erreferente izanagatik Euskal Herrian Euskarazek (EHE) omenaldi beroa egin zion iazko otsailean, Donostian. Hona hemen bere ekarpena.
Euskara
- Antigua. Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, Antigua auzoan jaio zen 1929ko irailaren 27an. Beste goitizen batzuk erabili izan ohi zituen: Harrizbikieta, Larresoro, Igara edo Usako, tartean. Bere kabuz hasi zen euskara ikasten 1948an, etxean jakin arren ez ziotelako erakutsi.
- Euskara Batua. Euskara Batuaren eratze prozesuan eragile nagusienetakoa izan zen, buru-belarri kolaboratu baitzuen lan horretan. Euskal aditz batuaren taulen egilea izan zen, esaterako. Hain zuzen ere, Baionan Euskal Idazkaritza sortu zuen beste euskalari batzuekin batera. Elkarlan horretatik ortografian eta morfologian oinarrizko arau batzuk adostuko ziren geroago Euskara Baturako. Lan talde horrek aurkeztutako proposamen gehienak Euskaltzaindiak onartu zituen Arantzazuko Batzarraren ondoren.
- Euskaltzaindia. Bere ideologia politikoak oztopatu zion euskaltzain oso gisa izendatua izatea. Hala ere, azkenean, bere hautagaitza proposatu zuten, baina berak uko egin zion izendapenari. Euskaltzaindiaren Ahoskera Batzordeko kidea zen, 1993an batzorde hori sortu zenez geroztik. pUnibertsitatea. 1980ko hamarkadan, linguistikan espezializatutako unibertsitari ibilbideari ekin zion. Doktorego tesia euskal azentuari buruz egin zuen. EUTG, Deustuko eta Bordeleko Unibertsitatean irakasle izan zen. 70 urte bete zituenean katedratiko emeritu izendatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU). Bestalde, Udako Euskal Unibertsitateko kidea izan zen bere sorreratik.
- Euskal Herrian Euskaraz. Elkartearen sortzaileetako bat izan zen. pIrutxuloko Hitza. Txillardegik iritzi artikuluak idatzi zituen Irutxuloko Hitzan, Loretopetik tartean. Era berean, Euskera, Euzko Gogoa, Egan, Zutik, Jakin, Eusko Lurra-Tierra Vasca, Herria eta beste aldizkari askotan izan zen kolaboratzaile. Branka aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen eta Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan zen hamar urtez; 1992 eta 2002a artean, hain zuzen ere.
- Argitalpenak. Euskararen alor gehienak jorratu zituen, baita lan ugari argitaratu ere: Huntaz eta hartaz (1965), Sustrai bila. Zenbait euskal korapilo (1970), Hizkuntza eta pentsakera (1972), Euskara Batua zertan den (1973), Oinarri Bila (1977), Euskal gramatika (1978), Euskal Herritik erdal herrietara (1978), Fonologiaren matematikuntza (1978), Euskal fonologia (1980), Euskal dialektologia (1983), Euskal azentuaz (1984), Euskal kulturaren zapalketa 1956-1981 (1984), Elebidun gizartearen azterketa matematikoa (1984), Soziolinguistika matematikoa (1994), Euskal Herria helburu (1994), Lingua Navarrorum (1996) eta Euskararen aldeko borrokan (2004).
- Berritzailea. 1936ko gerra eta gero, euskal literatura berritu eta modernizatu zuen idazle nagusienetakoa izan zen. Euskal eleberri modernoaren sorreraren funtsezko idazlea izan zen; bai hizkera literarioari dagokionez, baita narratologiari eta tematikei begira ere.
- Adibideak. Europako mugimendu existentzialistarekin lotu zuen euskal literatura. Gorabehera etengabean murgilduta, istorian zehar bilakatuz dabilzan eta zalantza, barne-korapilo eta larriminez osaturiko pertsonaia konplexuen bidez adierazi zuen kontakizuna: lehen pertsonan mintzo dira protagonistak eta beren historiaren kontalari bihurtzen dira. Aldaketa hau hiru nobela hauetan ikus daiteke bereziki: Leturiaren egunkari ezkutua (1957), Peru Leartzako (1959) eta Elsa Scheelen (1969). Beraz, esan daiteke Leturia dela euskal literaturako lehen pertsonaia gatazkatsua.
- Liburuak. Aipatutako hiru nobela horiez gain, beste hauek idatzi zituen: Haizeaz bestaldetik (1979), Kosmodromo (1984), Gertakarien lekuko (1985), Exkixu (1988), Antigua 1900 (1991), Putzu (1999), Santa Klara, gure uharte ezezaguna (2004), Labartzari agur (2005)eta Horretaz (2007).
- Preso. Bilbon ingeniaritza ikasten ari zen garaian, gazte mugimendu abertzaleetan hartu zuen parte. Garai horretan kartzelaratu zuten lehen aldiz.
- ETA. Eusko Alderdi Jeltzalearekin (EAJ) tirabirak izan ostean, beste ikasle batzuekin batera, Ekin taldea sortu zuen. Talde hau gerora ETA bihurtu zen, 1958an. Euskal arazoetan kontzientzia eta heziketa lortzea zuten helburu; abertzaletasun klasikoarekin kritikoak ziren eta frankismo itogarriaren aurrean EAJk agertzen zuen jarrera pasiboa salatu zuten. Hitza Hitz: Txillardegirekin solasean liburuan (1996), antiguatarrak garai horiek ekarri zizkion gogora Joxean Agirre elkarrizketatzaileari: «Ajuriagerrak bide gogorrenetik jotzea erabaki zuen, gure izenak ezagutzera emanez, eta gurekin ez kolaboratzeko eskatuz. Egoera larriagotuz joan zen. Bizkaitik ere gisa bereko berriak iristen ziren. Egoera oso txarra zen, tentsio izugarria genuen, eta Madariagak eta nik bereziki hautsi eta beste zerbait, izen bat zuen erakunde bat sortu behar genuela esaten genuen. Benito del Vallek, berriz, indefinizio horretan segitzea hobe genuela erantzuten zigun. Azkenik, 1958ko bukaeran, seguruak ez ziren pertsona guztiekin hautsi eta erakunde berri bat hasieratik eraikitzen hastea erabaki genuen. Horrela sortu zen Euskadi Ta Askatasuna».
- Erbestea. Militantzia politikoa dela-eta berriro atxilotu zuten eta, 1961ean, erbesteko bidea hartu zuen. Ipar Euskal Herrian, Parisen edota Bruselan bizi izan zen, idazketa eta engaiamendu politikoa uztartuz. 1967n ETA utzi zuen, V. Biltzarra eta gero.
- ESB. 1977an, behin Hego Euskal Herrira itzulita, politikagintzan murgildu zen. Euskal Sozialista Biltzarrea (ESB)alderdiaren sortzaileetako bat izan zen.
- HB. Urte batzuk geroago Herri Batasuneko (HB) senadorea izan zen.
- Aralar eta EAE-ANV. Aralarri babesa eman zion hasiera batean, baina alderdia utzi zuen, 2007an, Aralarrek berak Eusko Jaurlaritzak antolatutako ETAko biktimen aldeko ekitaldi batean parte hartu zuenean, eta Ezker Batuarekin koalizioan joatea erabakitzerakoan. 2008ko urtarrilean, EAE-ANVeko kideekin batera agertu zen hedabideen aurrean hauteskundeetarako hautagai-zerrenda erregistroan aurkeztera joan zirenean.

