«Guztiz ezinbestekoak eta erabat ikusezinak gara»
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langilea da Laura Garcia; Yurena Garcia, berriz, Txara II zahar egoitzakoa. Tokia eta zailtasunak aldatu arren, zeregin antzekoak dituzte biek, baita ezintasun eta etsipen sentipen berberak ere. Funtsezkoa den lan bat egiten ari direla badakite ere, aitortuak beharrean, baztertuta sentitzen dira. Horiek guztiak hizpide izan dituzte ELAko egoitzan egindako elkarrizketan.
Laura Garcia eta Yurena Garcia zaintzaileak.Oier Arribas Ciria Bi zaintza esparrutan lan egiten duzue: Txara II egoitzan eta udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ). Hamarretan jarri dugu hitzordua, eta, Laura, jada, goizeko zazpietan zerbitzu bat eman duzu. Nolakoa da zuen lan egun bat?
Laura Garcia Ortiz (L.G.): Etxez etxeko laguntza egoitzetakoaren desberdina da. Ni goizeko zazpietan hasten naiz, eta eguna korrika pasatzen dut, etxe batetik bestera joateko denbora ez delako eraginkorra. Erabiltzaileek estututa ikusten gaituzte. Udalak zereginen arabera tasatzen du dena, eta ahaztu egiten zaio pertsonak direla, bakarrik daudela, mendekotasunaz gain, sekulako bakardadea dutela. Oso lan gogorra da, tristea, baina jarrera onarekin goaz, poztasuna adieraziz, erabiltzaile askok egun osoan ez dutelako beste bisitarik izango, ezin dutelako etxetik irten… Beraien erreferentea gara. Guztiz ezinbestekoak eta erabat ikusezinak.
Yurena Garcia Balmaseda (Y.G.): Hori da. Gaueko txandan lan egiten dut, baina goizez ere aritu izan naiz. Dena korrika eta korrika egitea da. Langile gutxi gara eta egoiliar asko. Noski, pertsonak dira, ez torlojuak; egun onak eta txarrak dituzte, eta ezin duzu zehaztutako denbora zorrotz batekin lan egin, piezak egiten ariko bazina bezala. Baina egoitzak kudeatzen dituztenei horrek ez die axola, dena garaiz ateratzea besterik ez zaie interesatzen. Ez dituzte pertsona moduan tratatzen. Kanpora begira, denek diote aitona-amonak eta zaintzak inporta zaizkiela, baina errealitatea oso bestelakoa da. Familiarik ez duen jende asko dago, gu besterik ez gaituzte, baina ez daukagu beraiei eskaintzeko denborarik. Oso tristea da.
Zer zeregin dituzue?
Y.G.: Gaueko txandan, bi langile eta 80 bat aitona-amona gaude. Gaueko hamarretan sartu eta sendagaiak ematen dizkiegu; gauerdian, pixoihalen erronda, eta goizeko zazpietan, azkena. Horri gehitu erronda artean dauzkagun lanak: jangelak prestatu, txirrinei erantzun… eta ez dadila larrialdirik izan…
L.G.: Etxebizitza batetik bestera eginbeharrak aldatu egiten dira, erabiltzaile bakoitzaren mendekotasunaren eta beharren arabera: ohetik jaiki, sendagaiak eman, medikuarenera eraman, etxea garbitu, erosketa egin, janaria prestatu… Etxe bakoitzerako denbora zereginen araberakoa da, baina pertsonez ahaztu egiten dira.
Sektoreko lan baldintzak eta prekaritatea sarritan salatu dituzue. Zein da zuen egoera zehatza?
L.G.: Txara I-en egon nintzen, eguneko zentroetan ere… Betidanik aritu naiz zaintzan. Hemezortzi urte daramatzat ELZn eta lanaldi partziala dut. Donostian 370 bat langile bagara, 80k dute lanaldi osoa. Astean hemezortzi orduko kontratuak egiten ari dira, ezin da horrekin bizi, eta telefonoan zain daude ordu gehiago hartzeko. Gero, soldatak daude: Errenteriako lankideek 2.100 euro irabazten dituzte lanaldi osorako, eta guk, Donostian, 1.700 euro. Guk ere parekatzea eskatzen dugu, baina esaten digute ez dela posible. Udala handiagoa bada, baliabide gehiago izango ditu, ezta? Baina beste gauza batzuetara bideratzen ari dira; Donostia oso polita dago, baina etxe barruetan arazoak daude.
Y.G.: Nik hemezortzi urte daramatzat lanean egoitzetan, Txara IIn, 2007tik. Nire egoitzan partzialtasun eta prekaritate handia dago; hamalau lagun eta behin-behinekoak, denak partzialak. Ezin dugu jendea lanaldi partzialean eduki, telefonoaren mende… Batzuk ez dira bizi, egun osoa han pasatzen dute; eta behin-behinekoek, adibidez, ezin dute beste lan batekin uztartu, ez dakitelako zein ordutegi izango duten.
L.G.: ELZn oso zaila da lanaldi oso bat osatzea. Pandemia ondoren, udalak ordu bakoitzeko prezioa igo zuen eta eguerdiko zerbitzua kendu. Orain, garestiagoa denez, erabiltzaileek orduak eta intentsitateak murriztu dituzte. Lehen, lanaldi bat osatzeko, agian, lau joan-etorri egiten genituen; orain, aldiz, zazpi-zortzi egin behar ditugu, ordu erdiko zerbitzuak ditugulako. Beraz, goizeko zazpietan has naiteke, 12:30ean eten, eta, gero, arratsaldeko zazpietan berriro joan edo eguneko zentro batetik datorren pertsona baten bila joan… Hau da, azkenean, egun osoa.
Esleitutako denboran eta ratio horiekin, behar bezala arta al daitezke, fisikoki eta emozionalki?
L.G. eta Y.G.: Ez, argi eta garbi ez.
Y.G.: Egoitzetan daudenek beren bizitza maleta batean eta 90 zentimetroko ohe batean dute. Gela partekatzen dute beste pertsona batekin eta armairu zati bat dute. Hori da guztia. Altzariak dirudite. Zenbati ez zaio seniderik bisitan joaten? Askori. Eta ez ditugu bost minutu eseri eta beraiekin hitz egiteko. Profila aldatu da, mendekoagoak dira, ratio berekin. Ratioak igoko balira, askoz hobeto artatuta egongo lirateke; denbora izango genuke haiei entzuteko. Orain, berriz, esaldi ohikoena «orain ezin dut. Itxaron» da, beste lauzpabost egoiliar komunera eramatea eskatzen ari zaizkidalako. Barnea hustu besterik ez dute nahi. Oso tristea da, bihotza urratzen dit.
L.G.: Etxeetan ere, erabiltzaileek askotan eskatzen digute kafetxo bat hartzera jaisteko edo paseatzera, baina erabat debekatuta dugu. Askok ez dute etxeko lanak egiterik nahi, beraiekin egotea baizik.
Eragiten dizue…
L.G.: Lan gogorra da. Aurpegi ona jartzen dugu, saiatzen naiz bestearen lekuan jartzen, baina langile moduan arazoak gurekin eramaten ditugu, ez da erraza erabiltzaileak gaixorik edo gaizki uztea, kezkatuta joaten naiz. Eta hurrengo egunean ez dakit zer topatuko dudan.
Y.G.: Eta fisikoki leher eginda gaude denak.
Pandemian ezinbesteko jo zintuzten gizarteak, baina orain ikusezin sentitzen zaretela aipatu duzue. Nork zaintzen du zaintzailea?
L.G.: Mendekotasun lege bat dago, seme-alaba zaintzaileek beren atsedenak izan ditzaten. Nork zaintzen ditu zaintzaile profesionalak? Inork ez.
Y.G.: Ez gaituzte zaintzen, exijitu, ordea, bai. Baloratu beharko litzateke egoiliarrak okerrago, nekatuago… egon daitezkeela; pertsonak direla. Ezin garela iritsi, izarak altxatu eta esan: «Tira, dutxara». Ezin dugu hori egin, ez genuke egin behar, beraien etxean den horretan. Leher eginda gaude eta inork ez du baldintza horietan lan egin nahi. Zein geldituko da? Nork zainduko ditu? Beste alde batera begiratzen dugu. Gure zergak dira, diru publikoa. Zaintzak publikoa izan beharko luke, eskubide bat.
Aitortza sozialik sentitzen al duzue?
L.G.: Egiten dugun lana ez dago aitortua, ez ordaindua… Etxe batzuetan ez digute errespeturik ere, tratua ez da batere ona. Intxaurrondon lan egiten dut eta profila askotarikoa da, atea ireki eta ez dakizu zer aurkituko duzun. Inork ez daki zenbateko lana egiten dugun. ELZk zama arintzen die anbulatorioei, farmaziei, familiei… Izan ere, gizarte ekintzako lehen tresna da, dependentzia gradu bat izan aurretik, etxez etxeko laguntza dago. Ez dira soilik adinekoak, mendekotasuna dutenak adin guztietakoak dira.
Y.G.: Ikasketa eta tituluak ditugu, baina Erizaintzatik gorakoak aitortzen dira, gainerakooi goitik begiratzen digute. Ez dira konturatzen gu gabe beraiek ezingo luketela lanik egin, lan asko kentzen diegula. Langile ikusezinak, aitortza gabeak eta ez baloratuak gara. Gainera oso sektore feminizatua da, asko emakume etorkinak dira, zaurgarriak; ezin dugu beste beste aldera begiratzen jarraitu. Aski da.
L.G.: Gu TCAE —Erizaintzako Laguntzaile— edo langile soziosanitario tituludunak gara. Prestatuta gaude, baina ez gaude aitortuta. Pandemian txanda bikoitzak egiten aritu ginen, beldurrez, maskara bakarrarekin egun osorako… Izugarria izan zen. Orduan funtsezkoak ginen; orain, ikusezinak.
Egoitzetan denbora luzez egon zarete greban, baina badirudi gatazkak ez duela konponbide errazik. Erakunde publikoen ardura zein da diru publikoz finantzatzen diren zerbitzu hauetan?
Y.G.: Industrian fabrika bat ixten baduzu, bi egunetan akordioa sinatzen ari dira, ezin delako gelditu. Baina hemen, osasuna eta pertsonak direnez, %90eko gutxieneko zerbitzuak jartzen dituzte; ia denok ari gara lanean. Nola onar dezakezu sei hilabetez greba mugagabea egotea? Aldundiak mahaian eseri beharko luke negoziatzera, patronalarekin batera, hiru aldetara. Horrela, ia denok lanean, nahi dutena luza dezakete… Ez dute interesik. Tristeena da adinekoek jasotzen dutela horren ondorioa.
L.G.: Kontua da gaizki kudeatutako diru publikoa dela, enpresa pribatu bat aberasteko erabiltzen dena. Beraiek jartzen diote buelta ekonomikoa. Gizarteak batu behar du. Nahikoa da. Beste aldera begiratzen dugu, ez dugu enpatizatzen, gure txanda den arte. Gizartearen oinarria gaizki dago.
Y.G.: Kanpora begira dena ondo dagoela saltzen dute, baina jakin nahiko nuke beraiek egoiliar gisa egongo liratekeen. Egunerokoa benetan bizi dugunok langileak garelako, nazkatuta gaude, ezin dugu gehiago. Jasanezina da.
L.G.: Gu baldintza hobeetan bageunde, arreta hobea emango genuke. Erabiltzaile askok bizi kalitatea mantentzen badute, guk ematen diegulako da; ez udalak, ez zergek, ez inork. Gure izaerak, gure zaintzeko moduak ematen die. Ahaztu egiten zaie herritarrek ordaindu egiten dutela zerbitzuarengatik eta ez zaie kalitatez ematen ari.
Hitzarmen berria negoziatzen ari zarete bi zerbitzuetan.
L.G.: Bai, eta gaizki hasi gara. 2027ra arte soldata igoerarik ez egotea proposatu dute. Nola liteke? Ez dut ulertzen. Enpresa dirua irabazteko dago, ados, baina nork moztu behar du hori? Udalak.
Y.G: Eta gure kasuan, aldundiak. Egoitzetako langile publikoak guk irabazten duguna baino askoz gehiago irabazten ari dira. Zergatik ezin dugu denok publikoak izan? Funts publikoak badira… Konpondu nahi dutela diote, baina ez dute ezer egiten. Pandemian, hor egon ginen, greba bertan behera utzi genuela ahaztu egiten zaie. 2015etik sinatu gabeko hitzarmen bat dugu.
Zuen ustez, zein litzateke eredu egokia?
L.G.: Denok dugu norbait: ama, aitona… Egoitza batean sartuko nuke? Saihestu badezaket, ez. Gaitzaren arabera, noski. Egoitzek mendekotasun oso handia dutenentzat izan beharko lukete. Egun, bizi kalitatea da erabiltzaileak euren etxeetan bizi ahal izatea eta sistema haztea, sarea haztea, epe luzeko zaintzak, erabiltzaileak ez dezan bere etxetik irten behar, bertan bizi dadin. Lehenik, egoitzetan ez dagoelako denontzat lekurik, eta, ondoren, adineko gehienek ez dutelako beren etxetik irten nahi. Eta ez dute zertan, zaintza sare izugarria dagoelako, etxean egin daitezkeenak prestatutako jendearekin.
Y.G.: Hori beharrean egoitzetan sartzen dituzte eta han itxita geratzen dira.
L.G.: Eta zenbat denbora behar dute gainbehera egiteko? Ez zaie ekonomikoki interesatzen. Arduradunek ere ez lukete horrela zainduak izan nahiko. Oso argi dago: dirua baduzu, zure zahartzaroa askoz hobea izango da dirurik ez baduzu baino. Hori ezin da onartu, pertsona horiek bizitza osoan lan egin dutelako eta zerbitzua ordaintzen dutelako.
Y.G.: Etorkizunean egoitza batean bizi nahiko al lukete?
Sistema errotik aldatuko duen zaintza eredu berri baten beharra
Urteak dira zaintza eztabaidagai bilakatu zela, nahiz eta eztabaidaren bolumena aldakorra den. 2023ko greba orokorrarekin goia jo zuen, eta askotariko arloetatik egin zen bestelako eredu baten alde. Erakunde publikoek ere babestu dute eta argudiatu zaintzak bizitzaren sostenguan duen garrantzia, nahiz eta hitzetatik haratago, ekintzetan izan duten isla askoz apalagoa izan den.
Zaintza zerbitzua erakunde publikoen eskuduntza izanik ere, haren kudeaketa azpikontratatu egiten da, langileen baldintzen kaltetan. Horri aurre egin eta «enpresa pribatuen negozioarekin amaitzeko» erabaki politikoak eskatu dituzte azken urteotan langileek eta haien ordezkariek. LAB sindikatuak, esateko, zerbitzu publikoak indartu eta haietan oinarritutako zaintza sare integrala behar dela dio, «eremu publikotik bermatuak» eta erakundeen «kudeaketa zuzenean» oinarritua. «Zerbitzu publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoa aldarrikatzen dugu, eta horrek ekarri behar lukeen lan baldintzen duintzea eta hobetzea exijitzen dugu», adierazi du Oihane Bakedanok. Halaber, egun pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzea eta pribatizazio berriei ateak ixtea ere nahi dute.
Zahar egoitzetako egoera da azken hilabeteetan oihartzun gehien izan duena, lanuzte, greba, protesta eta mobilizazioekin. 2008tik ez dute herrialdeko lan hitzarmenik adostu eta negoziazio mahaia 2025eko urtarrilean osatu bazen ere, aurrerapausorik ez da izan. Adostu beharrekoen artean lau eduki zehaztu ditu sindikatuko kideak: pribatizatutako langileen soldatak langile publikoenekin parekatzea. 2006tik aldatu ez den katalogoa eta ratioak hobetzea, «egungo lan karga eta erritmoak jasangaitzak baitira»; partzialtasunarekin amaitzeko plangintza erreal bat, eta adinekoen lan baldintzak hobetzea, lanpostuak egokituta edo jardunaldiak murriztuta.
Askotariko egoerak
Donostiari dagokionean, Zorroaga fundazioaren erantzukizuna udalak du. Hainbat mobilizazioren ondoren, hitzarmena sinatzea lortu dute. «Partzialtasun handia dago eta berau murrizteko lantalde bat eratu da». Defizitarioa denez, bideragarritasun plan bat martxan jarri dute eta ez dakite zer ondorio izango duen. Matian, berriz, oraintsu sinatu dute enpresa hitzarmena. Gaixotasun bajak %100 ordaintzea jaso badute ere, urte amaieran ordaintzea erabaki du enpresak. Neurri hori eta partzialtasuna salatzeko borrokan ari dira.
Gainerako langileei UGTk gutxiengoan sinatutako hitzarmena aplikatzen zaie. Hala ere, hitzarmen hori ez zaie denei ezartzen; izan ere, hura sinatu ez zuten patronalek ez dute ezartzeko betebeharrik, eta baldintza okerragoak dituzte.
Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua Aztertzen Servicios Asistenciales enpresak kudeatzen du. 2023ko uztailean esleitu zioten kontratua datorren urtean amaituko da. 2025eko datuen arabera, 435 langile ditu zerbitzuak, 417 erizaintza laguntzaile eta hemezortzi kudeaketan, erabiltzaileak, aldiz, 3.189 dira, 2.387 etxetan banatuta. •

